Talidomidaren auzia

Sabelak, laborategi

Abortuak eta malformazioak eragin zituen talidomidak 50eko eta 60ko hamarraldietan mundu osoan. Orain, mende erdi geroago, kaltetuek auzitegietara eramango dute botika enpresa. Gaur hasiko da epaiketa, Madrilen.

Talidomidaren biktiimen omenez egindako eskultura, Stolbergen, Alemanian.
arantxa elizegi egilegor
2013ko urriaren 13a
15:41
Entzun

Samina. Haserrea. Etsipena. Ezina. Sentimendu horiekin bizi izan dira 50 urtez talidomidak kalte egin dietenak. Gobernu guztiek, batak bestearen atzetik, baztertu eta isilarazi egin dituzte, hor ez baleude gisara, amesgaizto bat besterik ez balira bezala. Baina asko dira. Gehiegi. Grunenthal botika etxeak, irabaziak helburu, eta ondorioen gaineko kezka gehiegirik gabe, merkaturatutako talidomida printzipio aktiboaren biktimak. Espainiako Estatuan 3.000 inguru izan zirela uste da —bizirik berrehun bat geratzen dira—. Guztiak haurrak, amei eragindako arazoak ez baitira inoiz kontuan hartu. Mende erdia eta gero, eta gertatutakoa aitortzen duen errege dekretu baten babespean, auzitegietara jo dute kaltetuek. Bihar hasiko da epaiketa, Madrilen.

"Grunenthalek laborategi bilakatu zituen gure amen sabelak". Amorrua dario Jose Riquelmeren ahotsari, gertatutakoaz ari denean. Avite Talidomidaren Biktimen Espainiako elkarteko presidentea da bera. Nerabe zela jabetu zen zerbait arraroa gertatzen zitzaiola. "Erradiografia bat egitera joan nintzen, eta medikuek galdetu zidaten ea nire amak talidomida hartzen zuen". Hortik hasi zen haren gurutze bidea. "Isilik egoteko esaten zidaten, ez zuela merezi ikertzen jarraitzeak. Ukatu egin zidaten Espainian halakorik saldu izana. Mehatxuak ere jaso nituen mediku eta komertzialengandik", dio Riquelmek. 2003an, lagun batek aholkatuta, elkartea sortzea erabaki zuten: "Taldean aurrera egitea errazagoa da". Lau ziren orduan; hamar urte geroago, 400 inguru dira. "Botika enpresak duen erantzukizuna onartzea nahi dugu; urteetan ukatu dizkiguten eskubideak aitortzea. Ez dut uste behar ez denik eskatzen ari garenik".

Alergien kontrako tratamendu berritzailea izan behar zuen berez talidomidak. Baina ez zen ondo atera. Horren lekuan, zientzialariak ohartu ziren eragin hipnotikoa zuela, eta beste zenbait arazo konpontzeko erabil zitekeela. Saguekin egin zituzten frogak, baina alboko ondorioei arreta handirik jarri gabe. "Garai hartan botikei egiten zitzaizkien kontrol frogak eskasak ziren, eta estatuek horiek merkaturatzeko jarritako baldintzak erraz gainditzeko modukoak. Hortaz baliatu zen Grunenthal", dio Riquelmek. Orotariko pilula bilakatu zen; errezetarik gabe eros zitekeena. Ia denetarako balio zuen, hasi lo egiteko eta haurdunen goizeko goragalea kentzeraino. Azken erabilera hori izan zen gerora ondoriorik larrienak eragin zituena. "Umekia garatzea ahalbidetzen duten hodi kapilarrak eratzea inhibitzen du talidomidak; hortik haren ondorio teratogenoak. Talidomidak umekiari eragiten dio soilik haurdunaldiaren 34. eta 51. egunen artean hartzen bada, tarte horretan garatzen direlako gorputz adarrak eta beste organoak. Ez dago proportziorik harremanik hartutako pilula kopuruaren eta malformazioaren neurriaren artean", ohartarazi du Rafael Basterretxeak. Aviteko presidenteordea eta Espainiako Gobernuak aitortutako biktimetako bat da bera —soilik 23 pertsona onartu ditu gaur arte—, eta zazpi urte egin ditu talidomidari buruz ikertzen. "Hiru ebakuntza egin zizkidaten: lehena, urte eta erdi nuela, besoa bizkarretik banatzeko, eta beste biak, ezkerreko eskumuturra mugitu ahal nezan. Hortik aurrera, ia urtean bitan joan behar izaten nuen medikura. Egun %75eko gutxiegitasuna dut". Riquelmek eta Basterretxeak zortea izan zuten; izan ere, umeki asko hilik jaio ziren edo lehen urtean hil ziren, malformazioen ondorioz.

1955 eta 1961 bitartean, 46 herrialdetan saldu zen talidomida. Grunenthal laborategien arabera, inolako albo ondoriorik gabeko botika zen. 1959erako, ordea, Alemaniako mediku batek ohartarazia zuen sortzetiko arazo larriak eragiten zituela. 1961ean, Austriako obstetrikalari batek berretsi zuen Alemaniako taldeak egindako aurkikuntza. Hortik aurrera, eta apurka-apurka, herrialde ia guztiak talidomida merkatutik erretiratuz joan ziren.

AEBak izan ziren botikari baimena ukatu zioten bakarretakoak Frantziarekin batera, ez haurraren garapena oztopatzen zuelako, amaren osasuna arriskuan jartzen zuelako baizik. Oso bestela izan zen Espainiako Estatuan. 1961ean, pilulak ondorio teratogenikoak zituela jakin zenean, debekatu egin zuten Europako gainontzeko estatuetan. Espainian saltzen jarraitu zuten, 1962ko maiatzean, Osasun alorreko Adituen Zuzendaritza Orokorraren agindua jaso zuten arte. "Horrekin gustura ez, eta inork ez zuen ohartarazi talidomidak eragiten zituen arazoez. 60ko hamarkadan inor gutxi zen aberats, eta etxeetan dena gordetzen zen; are gehiago botikek iraungitze datarik ez zutenean. Ondorioz, talidomidak etxe askotako armairuetan gordeta jarraitu zuen, urteetan", azaldu du Basterretxeak. Aviteren webgunean aurki daitezkeen txostenen arabera, gainera, Grunenthalek eskatu zion Espainiako Osasun Ministerioari "beharrezkoa" izan ezean ez emateko medikuei botika erretiratzeko arrazoiaren berri.

Epaiketa eta 'zigorra'

Pilula miragarria merkaturatu eta hamar urtera, Grunenthalek azalpenak eman behar izan zituen gertatutakoaren inguruan. Dagoeneko ez zuen non ezkutatu. Mundu osoan aurki zitezkeen haren axolagabekeriaren biktimak. Haietako bat izan zen, 1961ean, botika etxea epaitegietara eramatea lortu zuena. Zazpi urte geroago, enpresako arduradun nagusiak akusatuen aulkian eseri ziren. Fiskaltzak 972 orrialdeko txostena eta milioi erdi agiri aurkeztu zituen froga gisa. Osasun arazo larriak eragin zituen droga bat nahikoa frogatu gabe merkaturatzea eta kalteen berri izan ostean arriskuei buruzko informazioa ezkutatzeaz gain, hura isilarazten saiatzea leporatzen zioten Grunenthali. Bi urte eta zazpi hilabete luzatu zen epaiketa, 1970eko abenduaren 18ra arte. Tarte horretan, hainbat zientzialari eta biktimen ahotsak entzun ziren Aachengo epaitegian (Alemania), eta baita enpresako arduradunen argudioak ere, esanez "beharrezko froga guztiak" gainditu zituela talidomidak eta hasieran ez zutela haren albo kalteen berri.

Azkenean, hitzarmena sinatu zuten bi aldeek. Enpresak Alemaniako Gobernuarekin elkarlanean biktimentzako fundazio bat sortuko zuen, zeinaren bitartez kalte-ordainak banatuko ziren botikaren ondorioz osasun arazoak zituztela "frogatzen" zuten biktimentzat. Gaur egun, oraindik lanean jarraitzen du fundazioak, eta Grunenthalek Igandea -ri azaldu dionez, biktimek oraindik ere jo dezakete Contergan Fundaziora laguntza eske. Gaur arte, baina, Aviteko kideen artean bik bakarrik jaso dute laguntza hori. Zergatia azaldu du Basterretxeak: "Gehienok ahalegindu gara laguntza lortzen, baina azkenaldi honetan soilik biri onartu diete. Batek oraindik gordeta zuen botika, eta bestea, berriz, gurasoak espainiarrak izan arren, Munichen jaioa da. Espainiako Gobernuak berak biei aitortu zien kaltea. Besteok ezezkoak jaso ditugu. Susmagarria da, gainera, beste ezer baino lehen eta laguntza jaso ahal izateko, dokumentu bat sinarazten dizutela hitzemateko ez duzula Grunenthalen aurkako salaketarik jarriko, eta hori kontuan izanda, fundazioa, berez, estatuarena dela". Kalte-ordainen eskaera egiteko garaian ere, frogak eskatu dizkiete Avitekoei. "Alde handia dago Alemaniaren eta Espainiaren jarreraren artean. Han, abuztuan mila eurotik 7.000ra igo zizkieten pentsioak biktimei. Zenbaitek esan lezake 'Hori astakeria!'. Baina ez da horrenbeste. Kontuan izan jende horrek normala baino bizitza laburragoa duela eta 24 orduan norbait behar dutela laguntzeko. Espainian ez bezala, Alemanian Grunenthalek 500 milioi euro ordaindu ditu dagoeneko pentsioetan. Hemen, aldiz, urtean 120.000 euro ematea proposatu ziguten. Hori bai, ez zituzten inola ere kalte-ordain hitzak erabili nahi; proiektu solidarioa zela zioten. Hori nahikoa ez, eta gure amek talidomida hartu zuten frogak aurkeztu behar genituen: errezetak, orduko medikuaren ziurtagiriak eta botika Grunenthal etxearena zela bermatzen zuen frogaren bat —laborategiek talidomidaren patentea beste hainbat etxeri saldu zieten—. Mende erdi geroago!", gaitzetsi du Riquelmek.

Grunenthalek, hala ere, "zuzen" jokatu zuela argudiatzen du. Haren iritziz, Avitek laborategien aurka aurkeztutako salaketek ez dute kontuan hartzen "duela 50 urte farmazia industriak erabiltzen zituen ereduak", eta horregatik eusten diote euren jarrerari. Hain zuzen ere, iazko abuztuan konpainiako buru Harald F. Stockek oso antzeko hitzak erabili zituen 60ko hamarraldiaren hasieran gertatutakoagatik barkamena eskatzeko. "Barkamena eskatzen dugu 50 urtean ez dugulako aurrez aurre komunikatzeko modurik aurkitu. Horren ordez, isildu egin gara, eta damu gara horretaz. Gure isiltasun luze hau zuen [biktimen] patuak eragin digun astinduaren ondorio izan da. Dena den, talidomidaren tragedia duela 50 urte gertatu zen, gaur egungoarengandik oso desberdina zen gizarte batean. Grunenthalek garaiko zientzialarien jakituriaren eta industriaren arauen arabera probatu zituen droga berriak, 1950eko eta 1960ko hamarraldietan. Sentitzen dugu talidomidaren eragin teratogenikoa merkaturatu aurretik egindako probetan atzeman ez izana".

Epaiketan bertan argi geratu zen moduan, ordea, Stocken hitzen atzean bestelako errealitate bat ezkutatzen zen. Grunenthalek egin zituen probak talidomidaren eragina ikertzeko, baina ez zien arreta berezirik jarri haren albo kalteei, eta ez zuen ikertu haurdun zeuden emakumeei eragiten ote zien. Aldiz, horri buruz galdetuta botika enpresako buruzagiek beti argudiatu izan dute garai hartan uste zela umekia babestuta zegoela amaren sabelean eta amak hartzen zuenak ez ziola eraginik egiten. Baina baieztapen hori ere gezurtatu egin dute gerora adituek.

1950eko hamarraldian, beste botika enpresa batzuk ikertzen hasiak ziren euren produktuek haurdunetan izan zezaketen eragina, are gehiago lasaigarrien kasuan. Grunenthalek, ordea, ez zuen halakorik egin. Aldiz, edoskitze garaian zeuden 360 amekin probatu zuten botika, eta horretan oinarritu ziren umekiarentzat kaltegabea zela baieztatzeko: "Haurdunaldian eta erditzean emakumeek presio handia jasaten dute. Lo gabezia, atsedenik eza eta tentsioa ohiko arazoak dira. Ez amari, ez haurrari kalterik eragingo ez dien produktu lasaigarri eta hipnotikoa agintzea beharrezkoa da maiz", zioen garai hartan enpresak medikuei bidalitako oharrak. Gerora, probak egiteaz arduratu zen zientzialariak enpresaren jarrera "axolagabe eta bidegabea" izan zela salatu zuen.

Bestetik, barkamena bera berandu heldu dela iritzi dio Avitek; elkarteko presidenteordearen iritziz, «oinezko bat autoz harrapatu, tetraplegiko utzi, ihes egin, eta 51 urte geroago egindakoagatik barkamena eskatzearen pareko» da laborategiek egin dutena.

Babesik gabe

Hainbat urtez talidomida saldu izana ukatzen aritu ondoren, duela bi urte Espainiako Gobernuak errege dekretu bat onartu zuen non kaltetu gutxi batzuk aitortzen zituen. Baina Riquelmeren esanetan, dekretuak bazituen hainbat akats: "23 biktima bakarrik eman zituzten ontzat, 1960 eta 1965 urteen artean jaiotakoak. Aldiz, gure datuen arabera, gutxienez 1973a arte medikuek hura agintzen jarraitu zuten. Horretaz gain, ez zuen pentsiorik proposatzen, elkartasunezko laguntza moduko bat baizik, eta guri hori limosna hutsa iruditu zitzaigun, horregatik erabaki genuen epaitegietara jotzea". Kalte-ordainez gain, Espainiako Estatuak bere ardura aitortzea nahi dute Avitekoek. "Gaur arte, gobernu demokratikoak izan edo ez, denek ukatu dute inolako erantzukizunik, baina ez zen halakorik gertatuko interes ekonomikoa herritarren osasunaren gainetik jarri izan ez balute. Euren okerra onartzea nahi dugu, nahiz eta badakigun egungo egoeran oso zaila izango dela halakorik", nabarmendu du Aviteko buruak.

Azkenean, agintariek eta botika enpresak berak agertutako interes falta ikusita —Grunenthalek hitz egiteko borondatea agertu duela esan arren, Aviteren arabera, eurak jarri ziren enpresarekin harremanetan, eta beren erantzukizuna ukatuz erantzun zieten laborategiek—, epaitegietara jo du elkarteak. Hor ere, oztopo ugari aurkitu ditu, baina. "Badakigu arrazoi osoa dugula, eta irabazteko itxaropena dugu. Baina, bestetik, eta gogorra da esatera noana, oso minduta gaude fiskaltzak alde batera utzi gaituelako. Duela hilabete batzuk auziaz arduratu behar zuen fiskalak gutuna bidali zion epaileari, esanez ez zela epaiketaz arduratuko. Beraz, eta kontuan hartzen badugu fiskalaren lana herritarren eskubideak defendatzea dela, zer pentsatu ematen du gu babesik gabe utzi izanak. Ez dut gehiago esango, hortik aurrera norberak pentsa dezala nahi duena", salatu Riquelmek. Basterretxea bera ere bakarrik sentitu da prozesu honetan guztian, alderdiengana babes eske joan direnean, batez ere: "Neroni joan naiz Kongresuan dudan ordezkariarengana, Josu Erkorekarengana, laguntza eske, eta erantzun ere ez dit egin. Kaltetu eta euskaldun gisa egin nuen, baina baita talde guztiaren izenean ere. Convergencia i Unioren eta Esquerra Republicana de Catalunyaren erantzunak jaso nituen, baina EAJn gizatxarren moduan jokatu zuten, eta horrek asko mindu ninduen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.