Frankismo garaian preso egona bederatzi urtez, gogor torturatua 1968an, frankismoaren aurka borrokan jarraitzen zuela hil da Sabin Arana Bilbao (Sestao, Bizkaia, 1944). Gazterik militantzia politikoan hasia, ETA VIko kide zela atxilotu zuten, 1968an. Lau egun egin zituen atxilotuta, eta hatzetan azazkalik ez zuela atera zuten. "Bi egun gehiagoz eduki nindezaketen, baina ezin izan zuten, zein egoeratan nengoen ikusita. Tortura benetan gogorrak izan ziren".
Kartzelara eraman zuten erizaindegitik. Bederatzi urte egin zituen preso, 1977ko amnistiarekin atera zuten arte. Gasteizen finkatu zuen bizilekua, eta euskara irakasle hasi zen. Gasteizko udal euskaltegian aritu zen, eta zuzendari ere aritu zen bertan. Euskararen aldeko hamaika ekintza eta jardueretan esku hartua, Geu Gasteiz aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen 1990eko hamarkadan, besteak beste.
Baina "abertzale sutsua" ere izan da, lagunek oroitzen dutenez. Kartzelatik irtendakoan, jarraitu zuen ekimen politikoarekin; 1980ko hamarkadan, Auzolan alderdiaren zerrendetan aurkeztu zen hauteskundeetara —Euskadiko Ezkerratik zatitutako korronte bat izan zen Auzolan—. Geroago, alderdietatik aparte bazen ere, jarraitu zuen langileen eskubideen alde eta abertzaletasunaren alde, ezagunek azaldu dutenez.
Azken urteetan frankismoaren aurkako jardunean ari zen buru-belarri. Iaz, Goldatu elkartea sortu zuen beste hainbat kiderekin. Frankismoan errepresaliatutako pertsonek osatu zuten elkartea. Frankismoa ikertu eta auzitara eramateko Argentinan irekia dagoen auzibidean zuzenean esku hartu du. Iaz Argentinara joan zen, esaterako, Maria Servini de Cubria epailearekin biltzeko. Duela hilabete gutxi arte jarraitu du Goldatu elkartearen bozeramaile lanak egiten.
Ez maiz, baina bere iritziak ere argitara eman zituen. Horrela azaldu zuen, 2011ko apirilean, egoera politikoari buruz pentsatzen zuena, BERRIAn idatzitako artikulu batean: “Euskal arazoa ETAren terrorismoa da bakar-bakarrik: talde honek hiltzeari uzten badio, bukatu egin da arazoa. Historiaren irakurketa desitxuratu horrek, ezer ez azaltzeaz gain (eta arazoa ulertu gabe ezin da konpondu), bidea ixten dio edozein adiskidetze-prozesuri eta bake egonkor eta iraunkor bat eraikitzeari. Oroimen historikoa berreskuratu gabe, frankisten zigorgabetasuna amaitu gabe eta beraiek eragindako biktimen alde egin gabe, ez da benetako justiziarik egongo, eta berau gabe ez dirudi adiskidetzerako aukerarik egon daitekeenik. Zail samarra baldin bada adiskidetzerako pauso sendoak ematen ari zirela sinestea ETAren aktibismo militarraren berraztertze kritikorik gabe (gatazkaren ondorioak sozializatzeko politika, atentatuak, aukeratutako hilketak eta albokoak...), sinestezina izango da baita beste aldekoena ere, arazoaren funtsezko oinarrietakoak diren gerra eta diktadura desagerrarazteko saioa mantenduz gero eta frankismoaren biktimak Espainiako Estatuaren eta haren administrazioen egiteke duten betekizunari uko eginez gero”.