Politika

Sabin Arana EAko Bizkaiko Enplegu diputatu ohiak alderdia utziko duela iragarri du

EAren ordezkaritzan Bizkaiko Aldundiko Enplegu eta Formazio diputatu izan zen Sabin Aranak alderdia uztea erabaki du. EAk berarekin eta alderdiko langile batekin izandako jokabide "ankerragatik" egin duela hautua adierazi du. Bizkaiko Aldundiko diputatu ez ezik, EAko zuzendaritzan Gazte Abertzaleak-en ordezkaria, Bilboko EAko presidentea eta Jaurlaritzako Justizia Saileko zuzendaria izana da Arana.

2004ko abenduaren 23a
14:55
Entzun
Biharko egunez utziko dio ofizialki EAko militante izateari Sabin Aranak. Komunikabideetara bidalitako artikulu batean agertzen duenez, EA barneko jokabide eta zigor neurriek bultzatu dute erabakia hartzera. Zehazki, bi gertakarik.

Batetik, EAren Bizkaiko Eskualde Batzarrak iragan uztailetik Bizkaiko Aldundiko Enplegu diputatu kargutik kendu zuela gogorarazi du, alderdiaren estatutuak urratu zituela argudiatuta; estatutuen kontrako ezer egin zuela ukatu du Aranak. Halaber, une hartan Berme Batzordea —alderdiko zuzendaritzaren eta afiliatuen desadostasunetarako bitartekaritza— eratu gabe zegoela nabarmendu du, eta, beraz, ezin izan zituela bere eskubideak inon defenditu. Aranak agertu duenez, orain sortu dute Berme Batzordea, baina berarentzak "berandu" dela iritzi dio.

Alderdia uztera eraman duen bigarren jokabidea Bizkaiko EAk alderdiko langile baten inguruan hartu duen erabakia dela adierazi du. Aranaren arabera, sortu zenetik alderdiarentzat lanean ibili den langile bati kaleratze inprozedentea ezarri dio EAk.

Alderdia utzi arren, "militantzia abertzale eta baketsuarekin" aurrera segituko duela iragarri du Aranak, "euskal estatu independentea" helburu hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.