Asteburu honetan EAk Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen VI. Biltzar Nagusian sektore kritikoarekin lerratu da Sabin Intxaurraga Jaurlaritzako Ingurumen sailburu eta EAko kidea. Hori dela eta, Intxaurragak zein hura bezala kritikoekin agertu zen Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak karguak alderdiaren esku laga beharko lituzketela adierazi zuen atzo Begoña Errazti sektore ofizialeko buru eta bigarrenez EAko presidente hautatuak,
Intxaurragak gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du Erraztiren adierazpen horieiez diela "beste munduko garrantziarik" eman. Ingurumen Sailburuaren arabera, kargu publikoa da berea, eta, ondorioz, "beti" egon behar du alderdiaren zuzendaritzaren esku berak edo beste edonork karguarekin jarraitu edo ez erabakitzea. "Kagu publikoak beti daude alderdiaren esku, ez kongresu bat egon delako bakarrik. Gu Batzorde Eragileak hautatu gintuen, eta une batean uste badute ez garela ondo betetzen ari gure lana, euren esku daude, eta beste batzuk hautatzeko eskubide guztia dute. Beraz, ez diot beste munduko garrantziarik ematen adierazpen horri", esan du.
EAko zuzendaritza berriak gaur egingo du lehendabiziko bilera, eta Intxaurragak ez daki batzar horretan berak eta Iztuetak Jaurlaritzan jarraitzeari buruz erabakirik hartuko ote duten. Dena den, "edozein" erabaki hartzen dutela ere, berak ondo hartuko duela adierazi du Intxaurragak. "Biltzarra amaitu zenean Errazti zoriondu nuen eta Batzorde Eragileko gainerako kide guztiak ere bai. Horrez gain, esan nien eurek erabakitzen dutena onartuko dudala. Erabakitzen badute lanean segitu behar dudala, nire babes osoa izango dute. Baina eurek erabaki behar dute; hartzen duten erabakia onartuko dut eta kito", agertu du.
Nolanahi ere, EAko Biltzar Nagusian ikusi ahal izan den zatiketa giroa alde batera utzi eta elkarlanari heltzeko unea dela iruditzen zaio Intxaurragari. "Biltzar Nagusia amaitu da, eta orain denok bateginik aurrera egin behar dugu. Izan ere, gure herriak dituen erronkak handiak dira, eta ezin gara ibili orain gure artean zatitua. Biltzar Nagusiak horretarako izaten dira, eztabaidatzeko, demokratikoki eztabaidatzeko, eta demokratikoki erabakitzeko. Demokratikoki erabaki zuen gure alderdiak ponentzia politikoa babes oso zabal batekin onartzea, eta gero, nahiz eta gorabeherak izan kargu hautaketan, bada, hautatutakoak ondo hautatu daude, afiliazioaren babes handi batekin atera ziren, eta orain egin behar dugu elkarrekin aurrera gure proiektua indartsua izan dadin".
EAko Biltzar Nagusiaren ondorioak
Sabin Intxaurraga: "Biltzar Nagusia amaitu da, eta orain denok bateginik aurrera egin behar dugu"
Sabin Intxaurraga EAko kide eta Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren iduriko, beren alderdiko azken Biltzar Nagusian izan diren ika-mikak ahaztu egin behar dira orain, eta sektore guztien arteko elkarlana bultzatu behar da. "Gure herriak dituen erronkak handiak dira, eta ezin gara ibili orain gure artean zatituta", adierazi du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. EAko zuzendaritza berria gaur bilduko da lehendabiziko aldiz, eta batzar horretan bere sailburutzaren inguruan hartzen duten erabakia, "edozein" dela ere arazorik gabe onartuko duela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu