Sabin Intxaurraga Jaurlaritzako Ingurumen sailburua eta Anjeles Iztueta Hezkuntzakoa EAren Biltzar Nagusian galtzaile izan den sektore kritikoko zerrendetan aurkeztu dira asteburu honetan. Bigarrenez EAko presidente aukeratu duten Begoña Errazti sektore ofizialeko buruaren ustez, bi sailburu horiek Jaurlaritzako karguak "alderdiaren esku" lagatzea litzateke "logikoena", hain zuzen ere, biltzarrak onetsitako zuzendaritzaren eta haien ordezkatzen zuten sektore kritikoaren artean konfiantza arazoak egon daitezkeelako
Nolanahi ere, barne arazoei garrantzia kendu nahi izan die Erraztik, eta horiek guztiak EAren barne demokraziaren isla direla esan du."EAren biltzarrak barne demokraziaren eta debatearen isla izaten dira. Beti horrela izan da. Batzarrak eztabaidatzeko egiten ditugu, eta ez agintean daudenek esaten dutena onartzeko", adierazi du Erraztik Radio Euskadin.
Ondorioz, zuzendaritza berritzerakoan agerian geratu diren desadostasunak baino garrantzitsuagoa iruditzen zaio EAko presidenteari ponentzia politikoa —hurrengo hiru urteetan alderdiak izango dituen lerro politikoak— batasun handiz (%80ko adostasunarekin) onartu izana."Kongresuan argi geratu da EAren lerro ideologikoak babes handia duela. Hori da garrantzizkoa: epe laburrean adostasunak zehaztea beste abertzale batzuekin Euskal Herriko arazoei irtenbideak emateko. Funtzionatu behar dugu pentsatuz epe laburrean gure herriak oso zirkustanzia diferenteak, eta oso zirkustantzia onak biziko dituela, eta hasi behar dugu gatazkari irtenbideak ematen. EAko militante guztiak klabe horretan gaude, eta hori da balio duena", adierazi du.
Biltzar Nagusian zuzendaritzarekin kritiko agertu diren sektoreekin elkarlanean jarduteko prest agertu da Errazti; elkarrizketan behin baino gehiagotan aipatu duenez, Iñaki Galdos zerrenda kritikoko buru izan denarekin batera lan egiteko gertu dago. "Lan egiteko borondatea duten guztiekin lan egingo dut; guztiekin. Konbentzituta nago, Iñaki Galdoseta gu ildo politikoari dagokionez bide berean gaudela", esan du. Hala ere, elkarlanari buruzko aipamenak egin dituenean, Iñaki Galdos behin baino gehiagotan aipatu badu ere, Intxaurraga, Iztueta eta orain arte idazkari nagusi izan den Gorka Knörrekin ez du gauza bera egin.
Larunbatean, zuzendaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea itxi zenean, hiru zerrenda aurkeztu zituzten: Begoña Errazti buru zuen ofiziala eta bi kritiko: batek Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidentea zuen buru, eta, besteak, Sabin Intxaurraga Jaurlaritzako ingurugiro sailburua.
Azkenean, ordea, bi korronte kritikoek hitzarmena lortu zuten, eta bien artean zerrenda bakarra osatu: Galdos bera zen zerrenda horretako buru, eta Gorka Knörr —Intxaugarren zerrendako bigarrena— idazkari nagusitarako hautagai. Nolanahi ere, azkenean, Erraztiren zerrenda izan zen nagusi atzoko bozketan.
EA-ren Biltzar Nagusiaren ondorioak
Sabin Intxaurragak eta Anjeles Iztuetak Jaurlaritzako karguak "alderdiaren esku" lagatzea litzatekeela "logikoena" uste du Begoña Errazti EAko presidenteak
Alderdiko konpromisarioen botoen %60rekin hautatu dute bigarrenez Begoña Errazti EAko presidente. Alderdiko zuzendaritzaren eta sektore kritikoen artean argitara irten duten gorabehera eta arazoak izan dituzte asteburuan Bilbon egin duten Biltzar Nagusian. Nolanahi ere, desadostasun horiei garrantzia kendu die Erraztik Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. EAko presidentearen iduriko, ildo politikoari dagokionez adostasun handia dute alderdi barruan, eta balio duena, horixe dela iruditzen zaio. Ildo horretatik, lanerako prest dauden guztiek elkarlanean jarduteko gertu agertu da, baita kritikoekin ere. Dena den, zerrenda kritikoetako kide izan diren Intxaurraga eta Iztueta Jaurlaritzako sailburuek karguak "alderdiaren esku" utzi beharko lituzketela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu