Sabino Arana jaio zela, 150 urte

Euzko Alderdi Jeltzalearen sorrera eta euskara eremu pribatutik publikora bultzatu izana dira Aranaren lorpenetako bi.

2015eko urtarrilaren 26a
11:20
Entzun

EAJk omenaldi berezia egin dio Bilboko bere jaiotetxearen atarian alderdiaren sortzaileari, Sabino Aranari. Izan ere, gaurko egunez baina duela 150 urte jaio zen euskaltzale eta politikaria. Zortzi senideetatik gazteena zen, eta aldaketa garaiak bizi izan zituen, foruen gainbeherarekin, industria iraultzarekin eta langile mugimenduekin.

"Euskadi da euskaldunen aberria" aldarrikapenari eutsi eta euskara elkargune gisa erabiliz euskaldun guztiak batzeko lanari ekin zion, bidean hizkuntza bera ere nekazaritza eremuetatik hiriguneetara eramanez. Hortik jaio zen euskal nazioa eraikitzeko proiektu politikoa ere, zeinarentzat ikurrak, bandera bat eta himnoa ere sortu zituen.

Azkenik, bere jarraitzaileak aldarri bakar baten inguruan biltzeko asmoz sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzalea, berak amestutako proiektu hura ahalbidetuko zuen tresna. Hain zuzen ere, uda honetan beteko dira 120 urte Aranak EAJ sortu zuela.

"Bere konpromiso politikoak agintarien jazarpenaren biktima bilakatu zuen Arana, eta baita bitan espetxeratua izatera ere. Baina inoiz ez zion bidegabekeriari indarkeriaz erantzun. Alderantziz, ahokoari ideia gehiagorekin aurre egin zion; eta debekuei, ekitaldi politiko gehiagorekin", nabarmendu du Andoni Ortuzarrek komunikabideetara bidalitako oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.