PP eta UPDko diputatuak aztoratu zituen asteazkenean Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak. Auzitegi Konstituzionalak eskumena izan dezan bere ebazpenak betetzen ez dituena zigortzeko, PPk aurkeztutako presazko lege ekinbide bat eztabaidatu zuten Espainiako Kongresuan. Funtsean, Kataluniako prozesu subiranistari buruzkoa zen eztabaida, hari erantzuteko proposatu baitu PPk lege erreforma.
Cuadrak hartu zuen hitza eztabaidan, eta azaldu konstituziotik 1, 2 eta 8. artikuluak kendu behar direla; alegia, Espainiaren zatiezintasunari eta hori bermatzearen ardura armadarena izateari erreferentzia egiten dioten artikuluak. Esatearekin batera, konstituzioaren ale batetik orriak apurtu zituen Cuadrak.
Jesus Losada Espainiako Kongresuko presidenteak kargu hartu zion Cuadrari, baina baliteke hori ez izatea diputatuaren aurkako neurri bakarra. Kongresuko Mahaiak datorren ostegunean eztabaidatuko du Cuadraren aurkako neurririk hartuko ote duen. Zenbait diputatuk Losadari eskatu diote azter dezala Cuadraren keinuak kongresuaren araudia urratzen duen. Are, UPDk eskatu du fiskaltzaren aurrean salatzeko Cuadra.
Cuadrak azaldu du bere iritziaren "adierazpen grafiko gisa" apurtu zuela konstituzioa, eta nabarmendu "adierazpen askatasun ariketa" izan zela hala egitea.