Ehun bat lagun bertaratuta, lehenengoz omendu dituzte igande goizean Juana Josefa Goñi eta haren seme-alabak, Legarreako leizearen sarreran bertan (Gaztelu, Nafarroa).
Desagertzea gogoratuko duen oroigarria jarri dute, bandera eta lore sorta ugariz gain. Kantuan gogoratu dute Sagardia Goñi familia, ordezkari politiko ugari han zirela. Lore sortetako bat Gazteluko alkate Maite Urrozek jarri du, eta agindu Gazteluko herriak bere esku dagoen guztia egingo duela sendi horri duintasuna itzularazteko.
Familia galdu zuen Pedro Antonio Sagardiak, egun batetik bertzera. Haurdun zegoen haren emazte Juana Josefa Goñi, eta harekin zituen zazpi seme-alabetatik sei desagertu ziren, 1936ko abuztuaren 30ean, Gaztelun. 18 urteko seme zaharrena baino ez zen patu ilun hartaz libratu. Eugin ari zen lanean Sagardia; han jaso zuen emaztearen gutuna, herritik bota nahi zituztela ohartarazteko. Gaztelura joan, baina herrira sartzeko aukerarik ez zuen izan. Atxilotuta eraman zuten Doneztebeko Guardia Zibilaren etxera. Atera zenerako, familiaren arrastorik ez zen. Emakumea eta harekin ziren sei seme-alabak Gazteluko Legarreako leizera bota zituzten, antza. Osin haren ondoko txabola zahar batean pasatu omen zituzten azken egunak. Hari su eman, eta familia hil zuten arte. 1936ko abuztuko gau hartan, 50 metro sakon den zuloak irentsi zuen egia.
Isiltasunak harresia eraiki zuen gertaera haren inguruan. Leizea enborrez, zaborraz eta bertzez bete zuten, ia ikusezin bilakatzeraino. 1936ko abuztuko gau hartan jazo zena tabu bilakatu zen herrian. Gauzak hasi dira aldatzen, ordea; hasi dira pitzadurak agertzen isiltasunak eraikitako harresi hartan. Jose Mari Esparzak egin du horma behera botatzeko ahalegin nagusietako bat, La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) izenburuko liburuaren bidez (Txalaparta). Eta pareta zulatzeko bigarren urratsa izan da omenaldia.