OROIMEN HISTORIKOA

Sagardia Goñi familia omendu dute Legarreako leizean

Familia ia oso bat desagertu zen Gaztelun 1936ko abuztuaren 30ean: Juana Josefa Goñi, haurdun, eta haren sei seme-alaba. Herriko leize batera bota zituzten, ustez.

Sagardia Goñi sendiari Legasan eginiko omenaldia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 27a
13:51
Entzun

Desagertzea gogoratzen duen oroigarria jarri zuten iaz, eta aurten ere bandera eta lore sorta ugari eraman dituzte bertara. Besteak beste, Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Administrazio kontseilaria izan da omenaldian.

Gorpuak duin hilobiratuta daudela egin nahi dute hurrengo urteko omenaldia. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak indusketa lanak hasiko ditu leizean; bertan aurkikuntza "tristeak" topatzea espero dutela adierazi du Jose Mari Esparza idazleak.

Pedro Antonio Sagardiak familia galdu zuen egun batetik bertzera. Haurdun zegoen haren emazte Juana Josefa Goñi, eta harekin zituen zazpi seme-alabetatik sei desagertu ziren 1936ko abuztuaren 30ean, Gaztelun. 18 urteko seme zaharrena baino ez zen libratu patu ilun hartaz. Eugin ari zen lanean Sagardia, eta han jaso zuen emaztearen gutuna, herritik bota nahi zituztela ohartarazteko. Gaztelura joan, baina herrira sartzeko aukerarik ez zuen izan. Atxilotuta, Doneztebeko Guardia Zibilaren etxera eraman zuten. Atera zenerako, familiaren arrastorik ez zen. Emakumea eta harekin ziren sei seme-alabak Gazteluko Legarreako leizera bota zituzten, antza. Osin haren ondoko txabola zahar batean pasatu omen zituzten azken egunak. Hari su eman eta familia hil zuten arte.

Isiltasunak harresia eraiki zuen gertaera haren inguruan. Leizea enborrez, zaborrez eta bertzez bete zuten, ia ikusezin bilakatzeraino. 1936ko abuztuko gau hartan jazo zena tabu bilakatu zen herrian. Esparzak egin du egia azaleratzeko ahalegin nagusietako bat, La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) izenburuko liburuaren bidez (Txalaparta).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.