25 urte bete zituen espetxean atzo Sagarduik eta, Jone Goirizelaia Batasuneko kideak gogorarazi duenez, duela zortzi urte baino gehiago bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Hartara, aspaldi behar zuen aske presorik beteranoenak eta hargatik eskatu du "bahiketari" amaiera emateko. Eusebio Lasa mahaikidea eta Santos Sagardui presoaren aitarekin eginiko agerraldian egin zuen eskaera.
Egun indarrean dagoen esparru juridikoaren barnean kokatzen du Batasunak Sagarduiren egoera; Sagarduirena, eta Euskal Herri osoarena. "Egungo esparruak, Gatza ez ezik, Euskal Herri osoa du preso", Goirizelaiaren hitzetan. Euskal Herriak erabaki eskubidea ukatua izatea du horren adibide. Horiek horrela, "egungo esparruak, legeriak ez du ezertarako balio; espetxea da Euskal Herriarentzat", dio.
Halako egoerak ekidin egin behar direla uste du Goirizelaiak, areago egun bizi den une politikoa kontuan hartuta. "Aurrera egin behar da, eta iraganeko mendeku politikak atzean utzi". Espainiak Euskal Herriarekiko duen politika aldatzeko lehen pausoa, gainera, presoen ingurukoa dela deritzo. Espetxe politika "sustraitik" aldatzeko deia egin zion, beraz, Espainiako Gobernuari, Auzitegi Nazionaletik bertatik hasita: "Auzitegi Nazionaleko epaileek benetako epaile izaten hasi behar dute, agintari politikoen menpe egon gabe".
Halaber, euskal presoen estatus politikoa modu zabalean onartzeko galdegin zion Espainiako Gobernuari, praktikan estatus hori onartu egiten duela uste izanda. "Preso politikoak modu berezian tratatzen dituzte eta, beraz, haien kolektibo izaera praktikan onartzen dute". Euskal presoak gatazkaren zati direla gogoratu zuen Goirizelaiak eta, beraz, konponbidean parte hartzea ere ezinbesteko izango dela ohartarazi.
Bestetik, EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdiengana ere zuzendu zen Goirizelaia. Duela zortzi urte Eusko Legebiltzarrak Sagardui askatzeko eskea egin zuen arren, hartarako urratsik egin ez izana egotzi zien. "Zergatik ez dute ezer egin erabaki hura gauzatzeko?".
euskal presoak
Sagardui omenduko du gaur Batasunak
Jose Mari Sagardui 'Gatza' "bahituta" dute. Espainiako Gobernuak euskal presoekin darabilen "zigor eta mendeku" politikaren adibide da. Hala uste du Batasunak eta hargatik egin du gaur 18:30ean Zornotzan egingo zaion omenaldian parte hartzeko deia; Espainiako Gobernuari "mendeku politika" alboratu eta euskal presoen estatus politikoa onar dezala eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu