Zornotzako (Bizkaia) erdigunean bilduak ziren 1.500 bat lagunen kontra gogor jo du Ertzaintzak gaur arratsaldean, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren aldeko omenaldia eragotzi nahian. Ertzaintzaren kargaren ondorioz, jendetza sakabanatu egin da, eta kaosa zabaldu da erdialdean.
Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak Sagarduiren aldeko ekitaldia debekatua bazuen ere, Zornotzako deialdiari eutsi egin dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, eta «sarraskirik» ez egiteko eskatu die Ibarretxeri eta Herrizaingo Sailari.
Herritarrak eta kanpotik iritsitakoak dozenaka ziren arratsaldeko 17.45erako, Zornotzako erdigunean. Espainiako legeriaren arabera 2000.tik kalean beharko zuen herriko presoari elkartasuna adierazi nahi zioten, eta epaileek Parot dotrina delakoa ezarri izana salatu nahi zuten. Edozelan ere, minutu gutxira agertu dira Ertzaintzaren hainbat furgoneta.
Bildutako jendea Plaza Gorria bezala ezagutzen den lekura joan dira, eta handik manifestazioa inprobisatu dute. Haatik, Ertzaintzaren furgoneta batzuk parean jarri zaizkio, ibiltzen jarraitzen eragozteko.
Poliziek manifestari bat atzeman dute, eta orduan gainerako manifestariak lurrean eseri egin dira, protesta adierazteko. Geroago Euskal Herria plazara joan dira. Han omenaldia egiten hasi dira, baina amaitzear zegoela, Ertzaintza agertu, eta han zeudenen kontra oldartu da. Gomazko pelotak jaurtitzen hasi dira poliziak.
Hainbat kale moztuta egon dira.
Euskal presoak
Sagardui omentzen ari zirenen kontra jo du Ertzaintzak Zornotzan
Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak ekitaldia debekatu arren, 1.500 lagun bildu dira herrian, baina haiek indarrez sakabanatu dituzte ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu