Saharara joandako brigadako beste bi kideak kanporatu zituen ostiral arratsaldean Marokoko Poliziak. Aaiunen zeudela, sahararren etxean Polizia "bortizki sartu eta beren borondatearen aurka atera zituzten indarrez", Askapenak jakinarazi duenez. Sakelakoa kendu, eta bi orduz kontrol batean izan zituzten atxikita, eta jarraian autobus batean eraman zituzten Agadirrera.
Joan den urteko hiru brigadak kontuan hartuz, 21 dira urteotan kanporatutako euskal brigadistak. "Lan politiko eta internazionalistari oztopoak jarri nahi dizkiotela argi erakutsi du Marokoko Gobernuak, baina ez gaude prest gure brigadak gelditzeko", adierazi du Askapenak.