Sailburuak hartu zuen erabakia babestu dute ELA, LAB, UGT eta CCOOk

2015eko otsailaren 11
19:35
Entzun

LAB sindikatuaren idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi du bere sindikatua ez zela gehitu orain inhabilitazioa ekarri duen salaketara. LABen ustez, Toñaren jarduera ez zen "okerra" izan. Aitzitik, haren ustez Toñak langileen alde egin zuen konkurtso legea ez beteta. Haren esanetan, bost langilek salatu zuten Toña, langileen gutxiengoak.

ELAk, berriz, nabarmendu du Fundifes enpresako gatazka "oso korapilatsua" izan dela eta interes "oso kontrajarriak" izan direla aurrez aurre: "Alde batetik geunden industria proiektu bat aldezten genuenok, eta, bestetik, lantegia zegoen lursailarekin irtenbide espekulatibo bat nahi zutenak". ELAren arabera, konkurtso administratzaileek, besteak beste Angel Toñak, "balizko industria proiektu hori salbatze aldera egin zitekeena egiteko erabakiak hartu zituzten".

Sindikatuak ez du Toñari "kargu hartzeko" arrazoirik ikusten, "bere asmoa, baldintzak baldintza, ahalik enplegu gehien mantentzea izan delarik".

Antzera mintzatu da CCOO. Unai Sordo idazkari nagusiak uste du konkurtso administratzaile izateko inhabilitatua egotea ez dela arrazoi Toña sailburu ez izateko. Nabarmendu du Toñaren jardunak langileei kalte-ordainak pagatzea lehenetsi zuela, eta hori ez zaio Sordori "etikoki gaitzesgarria" iruditu.

UGTk, berriz, azaldu du ez duela ulertzen Toñaren inhabilitazioa "langileen eskubideak beste ordainketa batzuen aurrean lehenesteagatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.