Osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean

SAk adierazpen askatasunari buruz aurkeztutako proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu dio Hirukoak, eta hura onartu du Legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarrean egin zituen adierazpen batzuk medio, Jon Salaberria SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideari urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zion EAEko Auzitegi Nagusiak. Hori dela eta, adierazpen askatasuna bermatzeko proposamen bat aurkeztu du SA taldeak. Jaurlaritzako osatzen duten alderdiek. EAJk, EAk eta EB-IUk, ordea, osoko zuzenketa aurkeztu diote SAren proposamenari, eta, azkenean, hura onartu du Legebiltzarrak. SA abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk ez dute bozkatu.

2003ko azaroaren 7a
14:25
Entzun
Eusko Legebiltzarrean ETAren jardunaren inguruan egin zituen adierazpen batzuk zirela medio, "terrorismoa goraipatzea" egotzi zion EAEko Auzitegi Nagusiak Jon Salaberria SA taldeko legebiltzarkideari, eta urtebeteko espetxera eta zazpi urtez inhabilitatuta egotera zigortu zuen.

SAko legebiltzarkideen iduriko, EAEko Auzitegi Nagusiak legebiltzarkideei dagokien adierazpen askatasuna eta bortxaezintasuna urratu zituen erabaki horren bidez, eta bi printzipio horiek bermatzeko proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean.

Hiruko Gobernuko alderdiek osoko zuzenketa aurkeztu diote SAren testuari, eta, azkenean, azken proposamen hori onartu du Eusko Legebiltzarrak. Hain justu, EAJk, EAk, eta EB-IUk bozkatu duten haren alde, SA abstenitu egin da, PSE-EEk ez du parte hartu ez eztabaidan, ez bozketan, eta, azkenik, PPko legebiltzarkideek —Leopoldo Barredak ezik— alde egin dute bilkuratik. "Gernikako Estatutuko 26. artikuluak aintzatesten dituen legebiltzarkideen adierazpen askatasuna eta bortxaezintasuna bermatu behar dira Legebiltzarrak behar bezala funtzionatzeko", esaten du onartu den testuak.

Horrez gain, Eusko Legebiltzarrean "giza eskubideen aurka" egiten diren adierazpen guztiei mespretxua agertzen die Hirukoak bultzatutako proposamenak.

SAko Jone Goirizelaiak esan du ezin dutela testu horren alde bozkatu, Jon Salaberriari ezarritako zigorrari ez diolako behar besteko "irmotasunez" erantzuten, eta, halaber, ez duelako ondorio praktikorik izango. Legebiltzarrean "edozertaz" hitzegiteko eskubidea dagoela jokoan ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.