Euskal presoak

Sakabanaketa amaitzeko elkarlanean aritzea adostu dute Etxerat-ek eta Jaurlaritzak

Lehen aldiz bilera egin dute Ajuria Enean Etxerat-ek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Etxerat-ek nabarmendu du "adosguneak" topatu ditutzela, eta Jaurlaritzak, berriz, bilera "adeitsua eta erakitzailea" izan dela.

Etxerat-eko eta Jaurlaritzako ordezkariak, gaurko bileran. ETXERAT
2015eko otsailaren 25a
08:23
Entzun

Presoen senideen elkarteko Maider Alustizak adierazi duenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lan "agenda" bat zehazteko konpromisoa agertu die presoen sakabanaketa amaitze aldera. Bilera positibotzat jo du Alustizak, eta nabarmendu du "adosguneak" lortu dituztela zenbait gairen inguruan.

Presoen sakabanaketa da horietako bat. Alustizaren hitzetan, bilera "asmo adierazpen" soil bat ez izatea nahi zuten, eta iragarri du aurrerago beste bilera bat egingo dutela, lanean jarraitzeko.

Beste adosguneetako bat presoen senideen sufrimenduaren aitortza izan da, Alustizak jakinarazi duenez. Bileran, Urkulluk Zuzenbidea eta Hitzeman dokumentuak eman dizkie Etxerat-eko ordezkariei. Urkulluz gain, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariak parte hartu dute  bileran Jaurlaritzaren izenean. Etxerat-en ordezkaritza Jose Angel Aramendik eta Nagore Lopez de Luzuriagak osatu dute, Alustizarekin batera.

Jaurlaritzak ere bileraren inguruko balorazioa egin du. Ohar  batean, azaldu du batzarra "modu adeitsuan eta eraikitzailean" egin dutela, eta "sakabanaketa eta urruntze politikak presoen senideentzat dituen ondorioen alde humanitarioa" aztertu dutela bereziki.

2014a, "urte ankerra"

Joan den abendua baino lehen eskatu zion Etxerat-ek bilera lehendakariari, haien urteroko txostena helarazi eta euskal presoen egoerari buruz hitz egiteko. Urtarrilean eman zuen baiezkoa Urkulluk, eta agendak zehaztu ostean ezarri dute bileraren data.

Iazko urteaz eginiko balantzean, 2014a presoentzat eta senideentzat "urte ankerra" izan zela adierazi zuen elkarteak. Haien eskubideen urraketak salatzeko, Bruselara joango da Etxerat-eko ordezkaritza bat datorren astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.