euskal herria

Sakabanaketa amaitzeko eskatu du Garbiñe Biurrunek, “justiziazkoa” dela iritzita

EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte arloko presidentearen arabera, presoen sakabanaketa “zigor penalaren gainean zigorra gehitzeko” neurria da. Gaineratu du “ETArekin edo gabe” aurrera pausuak eman behar direla, eta presoen gaia jorratzeko Espainiako Gobernuak daukan “borondate urria” nabarmendu du.

2013ko abuztuaren 31
12:21
Entzun

Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte arloko presidentearen aburuz, Espainiako Gobernuak “premiazko neurriak” hartu behar ditu espetxe legerian. Presoen sakabanaketa “duela denbora asko” amaitu behar zela adierazi du, eta berretsi presoak Euskal Herrira gerturatzea “justizia” dela.

Haren ustez, auzitegiak “ez ziren inoiz sartu behar, kakotx artean, Estatuaren terrorismoaren kontrako jokoan”, eta soilik “legea betetzera mugatu” behar ziren. Azaldu duenez, ETA desegin behar da, baina, ez desegiteak “ez du egoera bidegabeak mantentzeko koartada bezala balio behar”.

Espainiako Gobernuak dio ETA desagertzeak espetxe legerian urratsak egitea ahalbidetuko duela. Biurrunen aburuz, ordea, hori egiteko “borondate urria” dauka: “Mailak gainditzen joan diren heinean, beti jarri dute beste bat gainetik”. Horregatik, “ETArekin edo gabe” aurrera pausuak eman behar direla berretsi du.

Presoak sakabanatzeko neurria 1988-89 bitartean hartu zuen Espainiako Gobernuak: “Sektore askok erabaki hori onartu genuen pertsona horien gizarteratzea errazteko onuragarria izan zitekeelako. Baina, presoen gizarteratzean laguntzen ez zuela ikusi zenean, eta era berean gobernuak gizarteratzeko aukeren iturria itxi zuenean, soil-soilik zigor neurri batean bilakatu zen: zigorra gehitzen zaio zigor penalari, presoen familia eta lagunentzat horrek dakarren ankerkeriarekin”.

Presoak barkamena eskatuta espetxetik ateratzeko baimena eskuratzea “larria” dela adierazi du: “Legegintzak aurreikusten dituen baldintza zehatzak eta Espetxe Erregelamendua betetzen badu, terrorismo delitu batengatik kondenatu dituzten pertsonek onurak ez izatea larria da”.

“Hurbilpen, topaketa eta elkar ulertzeko saiakera”

Biurrunen iritziz, gizarteratzean paper garrantzitsua dute presoek: “Banaka eta kolektiboki ahaleginak egin behar dira gizarte hau normaltasunera bueltatzeko, herri honen bake prozesu eta normalizaziorako ekarpenak egin behar dira”.

Hainbat presok eta biktima batzuek egin dituzten topaketak adibide bezala jarri ditu: “Presoei, baina bereziki biktimei, hurbilpen, topaketa eta elkar ulertzeko saiakera egin izana eskertzekoa da”; “Horiek dira gizarte guztiak eta pertsona guztiok behar ditugun elementuak”, gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.