Iruñeko espetxe berriaren inaugurazioak protestak eragin ditu. Kartzelaren kanpoko aldean elkarretaratzea egin zuten, atzo, Herrira-k, Salhaketak, Subeltz-ek eta Sanduzelaiko Auzo Elkarteak. Barruan ere, sakabanaketaren eta Espainiako Gobernuaren espetxe politikaren aurkako ahotsak entzun ziren, nahiz eta kartzela berriko funtzionarioak eta Espainiako Espetxe Erakundeko komunikazio arduradunak galarazten saiatu ziren.
NaBaiko parlamentari Patxi Zabaleta eta Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz saiatu ziren Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazi eta Espainiako Espetxe Erakundeko zuzendari nagusi Angel Yusteri gutun bana ematen, egungo espetxe politika bertan behera uzteko eskatzeko. Baina ez zuten lortu. Ezin izan zuten Espainiako Gobernuko agintariengana hurbildu.
Fernandez Diazek euskal presoak izan zituen mintzagai espetxea inauguratzeko bere diskurtsoan. «Ez da amnistiarik izanen; ezta taldeko indulturik ere. Espainian ez da preso politikorik; ezta euskal presorik ere, ez baitaude preso euskal herritar izateagatik», erran zuen.
Fernandezek gaineratu zuen ETAk bere jarduera behin betiko utzi izana ez dela nahikoa. «Baldintzarik gabe desegiteko exijitzen diogu. Guardia Zibila nahikoa izanen da ziurtatzeko, ez dugu nazioarteko ikuskatzailerik behar». Legeak presoak gizarteratzeko banakako programak eskaintzen dituela erran du Barne ministroak, eta ETAkoek ere parte har dezaketela. «Barkamena eskatu behar dute, eta damutu».
Ruizek eta Zabaletak adierazi dute gizartearen gehiengoa egungoaren hagitz bertzelakoa den espetxe politika eskatzen ari dela, eta urratsak egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Sakabanaketa bertan behera uztea galdegin diote Barne ministroari
Gutun bat ematen saiatu dira Bilduko eta NaBaiko kideak, baina ministroarengana hurbiltzen ez diete utzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu