Sakabanaketa jasaten duten euskal presoen senideei diru laguntzak emateko eskatuko du Aralarrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan. Izan ere, hurrengo Eusko Jaurlaritzak -PP eta PSE-EEren arteko akordiotik sortutakoak- presoei zuzendutako laguntza horiek kenduko dituela iragarri du.
“Gobernua eratu aurretik dagoeneko aurreratu digute presoen senideak zigortu behar dituztela. Gu ez gaude ados; besteak beste, bidezkoa ez delako”, dio Aralarrek. Zigorraren bide horretatik jarraitzeko prest ez daudela nabarmendu du Rebeka Ubera Gipuzkoako batzarkideak, eta “gatazka humanizatzea” ezinbestekoa dela adierazi du.
Aralarrek beste urteetan ere batzar nagusietan diru laguntza horiek ematea eskatu duela nabarmendu du, “baina proposamenak atzera bota dira beti, Jaurlaritzak jada diru laguntza ematen zuen aitzakian”.
"Euskal presoen senitartekoei ezin zaie ezer egotzi, ez baitute deliturik burutu. Gatazka politikoaren zeharkako biktimak dira". Presoen senideekin hartu duten neurria atzerapausotzat hartu du, eta horri eta antzekoei erabakiei aurre egiteko prest azaldu da Aralar. “Ez dakigu mota honetako zenbat atzerapauso gehiagorekin etorriko zaigun Patxi Lopez jauna. Baina jakin beza atzerapauso bakoitzaren aurrean Aralarrek tinko erantzungo duela, erantzukizunez baina tinko”.
euskal presoak
Sakabanaketa jasaten duten presoen senideei diru laguntzak emateko eskatuko du Aralarrek
Hurrengo Eusko Jaurlaritza eratu aurretik laguntzak eteteko erabakiarekin ez dagoela ados eta “gatazka humanizatzea” ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu