Sakabanaketa salatzeko, bihar zapi kateak osatzera deitu dute

2014ko abenduaren 8a
07:21
Entzun

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, sakabanaketaren aurkako zapi kateak osatuko ditu Etxerat-ek Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Euskal presoek eta haien senide eta lagunek pairatzen dituzten «giza eskubideen urraketak» salatuko ditu elkarteak mobilizazioekin. Etxerat-ek bere bereizgarri diren zapi zuriekin kateak osatzera deitu ditu euskal herritarrak. Hiru hiriburutan egingo ditu. Gasteizen egingo da zapi katerik luzeena: Frai Francisco Vitoria Ibilbidean hasiko da, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, eta handik Ajuria Enea jauregiaren aurretik igaroko da Eusko Legebiltzarreraino. Baionako zapi katea, berriz, Renne Cassin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren agiriaren egilearen etxetik herriko etxera osatuko dute, 18:30ean. Iruñean egingo dute hirugarren zapi katea, 12:00etan, legebiltzarrean bertan.

«Elkartasunaren» zapi kateak osatu nahi dituztela azaldu dute Izaskun Abaigar Etxerat-eko kideak eta Iñaki Gabilondo Alicia Saenz de Lacuesta presoaren bikotekideak. «Salaketa eta konpromisoaren» kateak ere izango direla esan dute. Hala, horietan parte hartzeko deialdi «berezia» egin diote euskal gizarteari. «Sakabanaketa amaitu behar dugu, sakabanaketa salatu egin behar dugu eta giza eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegu», azpimarratu dute. Ezinbestekotzat jo dute ahalik eta jende gehienak parte hartzea: «Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak. Sor ditzagun guztion artean giza eskubide guztien aldeko zapi kateak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.