Presoak

Sakabanaketa salatzeko ekintza egin du Zuzen taldeak Madrilen

Madril erdialdean, Espainiako Espetxe Erakundeen egoitzaren aurrean, euskal presoen sakabanaketa salatzeko ekintza baketsua egin du Zuzen Ekintza Taldeak: sei lagunek auto bat irauli dute ordubiak hogei gutxi aldera, eta presoeen senideen istripu bat irudikatu dute. Espainiako Poliziak atxilotu egin ditu seiak, "ordena publikoa apurtzeagatik", baina arratsaldeko bost eta erdiak pasatxo zirela aske utzi dituzte. Ekintza egin duten inguruan zegoen jendeak, berriz, "hiltzaileak, hiltzaileak" oihuka hartu ditu.

2004ko abenduaren 18a
18:03
Entzun
Ekintzan parte hartu duten sei lagunetik lau Zuzen taldeko kideak dira, eta beste biak, berriz, Dueñasen preso dagoen Amaia Segurolaren nebak. Segurolak sei hilabeteko alaba du berarekin Dueñasko espetxean, eta, ondorioz, Zuzenek salatu du haurrari ere sakabanaketa ezarri diotela.

Autoa irauli dutenean jende asko hurbildu da ekintza egiten ari zen lekura, eta une batean inguratu ere egin dituzte. Halaber, Polizia eta suhiltzaileak ere segituan heldu dira. Zuzeneko sei kideak atxilotu dituzte poliziek, eta suhiltzaileek iraulitako autoa kendu dute. Ordu batzuz, arratsaldeko bost eta erdiak inguru arte, eduki dituzte poliziaetxean, eta gero aske laga dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.