Etxerat-ek deituta, Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan bildu ziren atzo dozenaka lagun, euskal preso politikoen egoera salatzeko. Besteak beste, elkarretaratzeak egin zituzten Zarautzen, Ondarroan eta EAn, eta giza kate bat, berriz, Donostian. Neurriak hartu ezean, presoen sakabanaketa "mugarik gabe" luza daitekeela ohartarazi du Etxerat-eko kide Urtzi Errazkinek. "Ezin gara ohitu giza eskubideen urraketetara eta, ezin dugu onartu sufrimendua betikotzea ere".
Errazkinek agerraldia baliatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera kritikatzeko. Joan den igandean, urtero moduan, Loiolan izan ziren Etxerat-eko kideak, presoen egoeraren berri jasotzen duen txostena lehendakariari eman nahian, baina, haren ordez, idazkariak jaso zuen dokumentua. Errazkinek gogor gaitzetsi du gobernuburuaren jarrera. "Espetxe politika honen ondorioz, mila haur eta adingabe inguruk jasan behar dutena ez da, antza, lehendakariaren interesekoa".