Etxerat-ek bere bereizgarri diren zapi zuriekin kateak osatu ditu euskal herritarrak. Hiru hiriburutan egin ditu. Gasteizen egin da zapi katerik luzeena (12:00): Frai Francisco Vitoria Ibilbidean hasi da, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, eta handik Ajuria Enea jauregiaren aurretik igaro, da Eusko Legebiltzarreraino. Baionako zapi katea, berriz, Renne Cassin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren agiriaren egilearen etxetik herriko etxera osatuko dute, 18:30ean. Iruñean egin dute hirugarren zapi katea, 12:00etan, legebiltzarrean bertan.
Egitasmoaren aurkezpenean, "elkartasunaren" zapi kateak osatu nahi dituztela azaldu zuten Izaskun Abaigar Etxerat-eko kideak eta Iñaki Gabilondo Alicia Saenz de Lacuesta presoaren bikotekideak. "Salaketa eta konpromisoaren" kateak ere izango direla esan zuten.
Hala, horietan parte hartzeko deialdi "berezia" egin zioten euskal gizarteari. "Sakabanaketa amaitu behar dugu, sakabanaketa salatu egin behar dugu eta giza eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegu". Ezinbestekotzat jo zuten ahalik eta jende gehienak parte hartzea: "Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak. Sor ditzagun guztion artean giza eskubide guztien aldeko zapi kateak".