Sakabanaketa uzteko eskatu du Herrira mugimenduak
Euskal presoen sakabanaketaren amaiera eskatu du Herrira mugimenduak, PPk Nafarroan daukan egoitzaren aurrean. Sakabanaketaren tropelarekin bildu da bertan, euskal presoen lagun eta senideek osatzen duten tropelarekin, eta kolektiboak pairatzen duen «odolustea» salatu du. «Dispertsioa zigor bidegabea da preso eta senideentzat, egungo egoera politikoan lekuz kanpo dagoen mendekua, astebururo milaka bizitza arrisku larrian jartzen dituena», adierazi du Sergio Labaien Herrira mugimenduko kideak. Astebururo 800.000 kilometro egiten ditu bizikletekin agertu den tropelak, eta arriskua «etengabea» dela gogorarazi du. Horregatik, presoen eta haien familien eskubideak errespetatzeko eta espetxe politika «anker eta gaiztoa» bukatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Ez dezala jarri oztopo gehiago bakea helmuga duen bidean». Kamiseta urdinekin Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin esaldia osatu dute protestan bildutakoek, eta tropelak 90 espetxeetara egiten dituen «etapa amaigabeak» ere erakutsi dituzte .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu