Euskal presoak

Sakabanaketa "zigor gehigarria" dela gogorarazi dute Iruñean

Salbuespen neurriek Europako legedia urratzen dutela gogorarazi dute Sarek eta Etxerat-ek.

Senideek astero egin behar dituzten ehunka kilometroak salatu dituzte Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2016ko ekainaren 19a
08:35
Entzun

Sarek eta Etxerat-ek deituta, sakabanaketaren aurkako manifestazioa egin dute Iruñean, Stop dispersioa lelopean. Antolatzaileek gogorarazi dute sakabanaketa presoaren senideentzako "zigor gehigarria" izateaz gain Europako legeen aurkakoa ere badela.

"Bada garaia espetxe politikak aldatzen hasteko, eta hori bera eskatuko diogu hauteskundeen ostean Madrilen osatuko duten gobernu berriari", adierazi du Sareko kide Aitor Etxeberriak. Bide batez, gogorarazi du senideek astero milatik gora kilometro egin behar izaten dituztela, euren biziak arriskuan jarriz.

"Badakigu sakabanaketa amaitzeko ordua dela. Ez dago aitzakiarik. Garai berriek formula berriak eskatzen dituzte", aldarrikatu du Sarek. Haren eskaerekin bat egin dute ehunka lagunek Nafarroako hiriburuan. Baina protestaren aurretik ere hainbat pertsona ezagunek bat egin dute bi elkarteen eskaerekin, besteak beste, Julio Soto bertsolariak eta Xabier Morras margolariak.

Giza eskubideen trena

Manifestazioaren amaieran antolatzaileek eskatu diete Nafarroako herritarrei igo daitezela "giza eskubideen trenera" eta sala ditzatela presoek jasaten dituzten urraketak. "Badira bost urte ETAk borroka armatua amaitu zuela, eta hala ere tarte horretan ez da urratsik egin gatazka konpontzeko bidean. Horren ordez, Espainiak irtenbide posible guztiak itxi ditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.