Mandela Nazioarteko Egunaren harira, NBE Nazio Batuen Erakundeak onarturiko Mandela arauak izenekoak ekarri ditu gogora Sarek berriro ere, eta berretsi du euskal presoei ezarritako sakabanaketak arautegi horretako 24, 59, 88, 106 eta 107. arauak urratzen dituela. Mandela arauak ez dira bete beharrekoak, baina presoen giza eskubideak bermatzeko NBEko kide diren estatuek bete beharko lituzketen gutxienekoak finkatzen dituzte.
Sarek gogoratu du arauotan behin eta berriro nabarmentzen dela presoak "gizartearen partaide izaten jarraitzeko" neurriak hartzeko beharra, eta bereziki presoek "euren bizitokitik edo gizarteratze gunetik hurbil" egon behar dutela eta senideekiko harremana "mantendu eta hobetzeko ahalegin berezia" egin behar dela.
Sareren ustez, sakabanaketak horren kontra jotzen du zuzen-zuzenean, eta "sufrimenduan sakondu" baino ez du egiten, "presoengan ez ezik, senide eta ingurukoengan ere modu berezian".
Sarek iragarri du uda osoan eutsiko dietela presoen giza eskubideen aldeko mobilizazioei, eta gogoratu du irailaren 24an nazio manifestazioa egingo dutela Donostian helburu horrekin.