Euskal presoak

Sakabanaketaren amaiera eskatuko du Sarek Iruñean, ekainaren 19an

Sakabanaketa bukatzea ezinbestekotzat jo du, eta Nafarroako gizarteari dei egin dio manifestazioarekin bat egitera. Bideoa: Agerraldia Iruñean (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/RfCmj1SM4XU[/youtube]

2016ko maiatzaren 18a
09:00
Entzun

"Badakigu sakabanaketa amaitzeko ordua dela. Ez dago aitzakiarik. Garai berriek formula berriak eskatzen dituzte". Sare mugimenduak Nafarroako gizarteari dei egin dio ekainaren 19an Iruñeko autobus geltoki zaharretik 12:00etan aterako den manifestazioan parte hartzera. Sareren arabera, konponbide prozesuan pausoak emateko sakabanaketa amaitzea ezinbestekoa da. "Herri honek bake jokaleku bat merezi du", aipatu dute deitzaileek. Manifestazioaren leloa honako hau izango da: Herritarron garaia da, gure ordua da, unea heldu da, Stop dispertsioa.

Deialdi horrekin bat egin dute Nafarroako hainbat pertsona ezagunek; hala nola Mirentxu Purroy eta Gaizka Aranguren kazetariek, Miren Zabaleta abokatuak, Julio Soto bertsolariak, Julieta Itoiz abeslariak, Jose Mari Esparza editoreak, Begoña Zabala abokatu eta aktibista feministak, Xabier Morras margolariak, Aitor Yuste historialariak...

Iruñeko Askatasunaren plazan egin zuen agerraldia Sarek, atzo, eta urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan martxan jarritako giza eskubideen trenera igotzeko eskatu zioten Nafarroako gizarteari. "Legean inolako lekurik ez duen egoera honek amaitu beharra dauka, eta nafarrak ez gara pertsona pasiboak izango euskal presoei eta senideei euren eskubideak nola urratzen zaizkien ikusten dugun bitartean", azpimarratu zuten.

Nafarroan, 91 haur

Gogora ekarri dutenez, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta parlamentua presoen sakabanaketaren aurka azaldu dira, eta politika hori amaitzeko beharra adierazi dute. Presoak Euskal Herriko kartzeletatik urruntzeko politikak 25 urte bete ditu, eta horrek hainbat ondorio eragin ditu. Larriena errepideko istripuek eragindako hamasei hildakoak dira, horietako bi nafarrak —Karmele Soraguren eta Sara Fernandez—. Senideek astero milaka kilometro egin behar dituzte 40 minutuko bisita egiteko, eta urtean 13.000 euro baino gehiagoko gastua eragiten die. Deitzaileek azaldu dute umeei ere eragiten diela egoera horrek: "Nafarroan 91 dira sakabanaketa politikoa jasaten duten umeak".

Sarek aipatu du arazo hori ez dagokiela soilik presoei eta euren senideei. "Preso izateak ez du esan nahi ez direla euren eskubideen jabe. Urratuak zaizkion kolektibo baten eskubideak errespetatzea, gizartearen eskubideak errespetatzea da. Euskal presoenak urratuak diren heinean gureak ere urratuak direlako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.