Tantaz Tanta mugimenduak urtarrilaren 11rako programatutako ekitaldien berri eman du. Sakabanaketaren kontrako egun osoko ekitaldia izango da, eta antolatzaileek goizetik bertara joateko gonbidapena egin diete herritarrei.
Goizeko hamaiketatik aurrera, lau gune izango dira Bilboko Areatzan. 18:30ean, berriz, itsaso itxura hartuko duen mobilizazio erraldoia egingo da.
Lehenengo gunean, karpa handi bat egongo da, eta, bertan, musika izango da protagonista. Zenbait emanaldi izango dira. Gose, Xutik eta Kaotiko; dantzaldia Tximeletarekin, eta zenbait kolaborazio: Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Kokein (akustikoa), Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian (akustikoa). Xabi Solano & Zigor DZ.
Bigarren gunean, karpa txiki bat egongo da, eta bertan pintxoak, ogitartekoak, kafea eta edariak salduko dira… Tantaz Tanta mugimenduaren materialak ere jarriko dira salgai, baita arratsaldeko itsasorako tantak ere, eta kamisetak eta urtarrilaren 11rako propio egindako pin-ak.
Hirugarren gunean, presoek egindako artelanen erakusketa bat izango da. Zenbait marrazkilarik “tantarikaturak” eginen dizkiete nahi duten guztiei. Gainera, enkantean salduko dira dozenaka gauza (pertsona ospetsuek oparitutakoak), eta 13:00etik 15:00etara arte kalitateko zenbait produkturen enkantea eginen da. Egunean zehar, bestetik, scooter moto bat zozketatuko da.
Azkenik, txikientzat, 4. gunea. Bertan: rokodromoa, jolasak, tailerrak eta haurrentzako emanaldiak izango dira.
Arratsaldean, itsasoa
Antolatzaileek azaldu dute urtarrilaren 11n, Bilbon, kaleak bete nahi dituztela, Euskal Herrian aspaldi honetan izan den "okupaziorik" handiena nahi dutela lortu, eta ez dela manifestazio bat izango, "herritarren esku hartze bat baizik". Itsaso itxura hartuko du mobilizazio horrek. Une gorena 18:30ak aldera gertatuko da.
Marea 17:30ak inguruan hasiko da goraka. Ordu horretan, bi olatu handi abiatuko dira, bata Casillatik eta bestea udaletxetik, preso eta iheslarien ehunka senitarteko buru direla. Hortik ordubetera, olatuek bat egingo dute tarteko puntu batean, eta, ekitaldi labur baten ondotik, "Itsasoa gara" kantua entzungo da Bilboko erdialde osoan. Minutu horietan, bakoitzak bere tokian, eskuetan duen tanta jasoko du zerurantz. "Denok batera, eta itsaso bihurtuko gara, sakabanaketaren amaieraren aldeko itsaso bat, giza eskubideak, konponbidea eta bakea eskatuko dituen itsaso handi bat".
Programazio osoa
1. gunea: Karpa handia (11:00-23:00)
11:00 Zanpantzarra.
11:00-12.30 Haurrentzako emanaldia. Ane eta Piratekin parrandan.
12:30-15:00 Kolaboratzaileak: Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Kokein akustikoa, Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian akustikoa. Xabi Solano & Zigor DZ.
15:15-17:00 Tximeleta
17:00-19:00 Denok itsasora
19:30-22:30 Kontzertuak: Gose; Xutik; Kaotiko
2. gunea: Karpa txikia (11:00-22:30)
11:00 Sukaldearen irekiera: pintxoak, txahala, krema beroak eta kafea.
13:00-17:00 Bokatak, taberna, materiala.
17:00-19:00 Denok itsasora.
19:00-22:30 Bokatak, taberna, materiala.
3. gunea: Pasealekua (11:00-21:00)
Erakusketa: presoek egindako artelanak
Tantarikaturak: marrazkilari batzuek eginak
Enkantea: pertsona ospetsuen dohaintzak. 19:00ak arte dago aukera postura egiteko.
13:00-15:00 Enkantea hortxe bertan (kalitateko produktuak).
21:00 Zozketa berezia: Motozikleta (Scooter).
4. gunea: Arkupea (11:00-17:00)
11:00-17:00 Puzgarriak. Rokodromoa.
11:00-13:30 Haurrentzako jolas eta tailerrak
12:00-13.00 Pailazoak: Puski eta Txurruski