AZPIEGITURAK

Sakana Trenaren Alde taldeak 2.734 alegazio aurkeztu ditu AHTaren aurka

Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko proiektuak "kalte sozial, ekonomiko eta ekologiko larria" eraginen duela adierazi dute.

Sakana Trenaren Alde platafomako kideak, gaur, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzare aurrean. SUSTRAI ERAKUNTZA
Ion Orzaiz.
2018ko otsailaren 27a
13:42
Entzun

Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Erakuntza elkarteek 2.734 alegazio aurkeztu dituzte gaur goizean Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan. "Hemen aurkeztutako alegazioak Sakana osoko herrietan jaso ditugu, eta baita Itzako Zendean ere. Halaber, Arabako lautadan proiektu horren aurkako alegazioak jaso dira, eta horiek Gasteizen aurkeztu dira", azaldu dute plataformako kideek. Abiadura handiko trenaren eredua gaitzestearekin batera, egungo azpiegituren hobetzea proposatu dute.

Sakana eta Itza ibarren artean guztira 3.000 alegaziotik gora bildu dituztela nabarmendu dute sinatzaileek. "Eta horiei Araban AHTrik EZ plataformak aurkeztutakoak gehitzen badizkiegu (8.000 inguru), esaten ahal dugu Nafarroako korridorearen eta Euskal Y-aren arteko loturak ukituko dituen eskualdeetako 11.000 bizilagunek baino gehiagok gaitzesten dutela proiektua". 

AHTaren proiektua "desegokia" dela azpimarratu dute plataformako ordezkariek, "ez gure eskualdeetarako, ez Nafarroarako bere osotasunean". Sakana Trenaren Alde taldearen irudiko, ez dira aztertu egungo azpiegiturak hobetzeko aukerak: "Ez dira aintzat hartu trenbidea estandar europarrera moldatzeko edota bidaiarien eta salgaien garraioari prestazio handiko erantzun egokia emateko aukerak, besteak beste, errail bikoitza, hirugarren erraila, edota trazaduraren hobekuntza". Hain zuzen, trenbidea bikoiztearena alternatiba "merkeagoa, ekologikoagoa, iraunkorragoa eta bateragarriagoa" izanen litzatekeela gogorarazi dute: "Kontuan hartu behar da egungo trazaduraren zatirik handiena bikoizketarako prestaturik dagoela, eta aukera hori hobea litzateke Sakanako eta gainontzeko eskualdeetako herritarren bizitza kalitateari dagokionez".

Horren ordez, AHTa eraikitzeak "kalte sozial, ekonomiko eta ekologiko larria" ekarriko duela esan dute: "Eragin handia izanen du ibarreko landa eremuan; gainera, babestutako natura eremuetan ingurumen kalte handiak izanen lituzke. Ezkion amaitzen den alternatiba hautatuz gero, Aralarko natur parkeari eta bere ur biltegiei kalte larria egingo litzaieke. Bestalde, Gasteizen amaitzen den alternatibak Aralarko natur parkeari eta Urbasa-Andia nahiz Aizkorri-Aratz inguruko babes eremuei eraginen die".

Sakana "azpiegitura handien korridore hutsa" izatera kondenatzen ari direla gaineratu dute, "hortik igaroko baitira egungo autobia eta hainbat errepide, ohiko trenbidea, goi tentsioko hainbat hari eta, aurrerantzean, baita abiadura handiko trena ere".

Zalantzan jarri dute, azkenik, AHTak "interes soziala" duenik edota "garapen ekonomikoaren motorra" izanen denik: "Gezur hutsa da hori. Espainiako Estatuan eraikitzen ari diren AHT eredua erabateko porrota dela erakusten dute datuek eta txostenek. Azpiegituraren esplotazioa bera ere ez da bideragarria, mantentze kostu handiengatik. Eredu hori distantzia erdiko metropoli handien artean soilik izan daiteke sozialki eta ekonomikoki errentagarria (Paris-Lyon bidean, esaterako). Hori horrela, Espainiako abiadura handiak milaka milioiren galerak eragiten ditu. Renfek eta Adifek 18.000 milioiko zorra dute, horietatik 15.000 milioi AHTari dagozkio, kontuan hartu gabe urtero Espainiako aurrekontu orokorretatik jasotzen dituen ehunka milioiko diru sarrerak".

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta parlamentuko alderdi politikoei eskatu diete "aintzat har dezatela Sakanako errealitatea eta bertako bizitzaren alde egin dezatela egungo trenaren eta trazaduraren bikaintasunaren aldeko apustua eginez". Espainiako Sustapen Ministerioari, berriz, proiektua gelditzeko galdegin diote, "eta has dadila herritarron beharretara egokiago moldatuko diren azpiegiturak planifikatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.