Soziedad Alkoholika taldearen aurkako epaiketa

SAko kideek esan dute euren kantuen helburua ez dela indarkeria goraipatzea

Gasteizko =l rock taldeko==http://www.soziedadalkoholika.com/=l bost kideei eta managerrari "terrorismoa goratzea" eta biktimak iraintzea egozten die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaiketa egiten ari dira Madrilen eta dagoeneko deklaratu dute seirek. Guztiek ukatu egin dute auren abestien helburua indarkeria goraipatzea zela. Urte eta erdiko espetxea eskatu du Fiskaltzak.

2006ko azaroaren 2a
19:09
Entzun
Bost taldekideek eta euren managerrak esan dute, euren kantuen helburua ez dela sekula indarkeria goraipatzea izan, ez eta ETAren biktimak deitutakoak umiltzea ere. Azaldu dutenez, abesti horiek jendea mintzen zutela jakin zutenetik ez dituzte gehiago kantatu.

Gainera, nabarmendu dute publikoki –prentsaren aurrean eta euren webgunean– behin baino gehiagotan esan dutela SAk ez duela ETA babesten eta ez duela ETArekin zerikusirik.

Espainiako Auzitegi Nazionalean gasteizko taldearen aurka egiten ari diren epaiketa eten egin da momentu batean. Izan ere, defentsak erreklamazioa egin du epaimahaiburuaren aurka. Hain zuzen ere, Javier Gomez Bermudez epaimahaiko presidentea parte interesatu dela argudiatu du defentsak. Eta horrenbestez, ezin duela apaimahai buru izan.

Epaimahaiko presidentea aldatu eta berriro ekin zaio epaiketari Alfonso Guevararen egindupean.

Blanca Rodriguez fiskalak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du taldekideentzat eta bitarte horretan abeslari izateko debekua. AVTk, berriz, bi urteko espetxe zigorra nahi du. Defentsak, ordea, zigorrik gabe uztea.

SA taldeko kideak epaituko dituzte gaur Madrilen

Xabier Martin

Jose Luis Galanek, rock taldeko kideak defendatuko dituen abokatuak, berriz, absoluzioa eskatuko du, BERRIAri esan dionez: «Noizbait arrazoia gailenduko dela uste dut, orain arte ez dugu lortu... Hobeto esateko, bi aldiz lortu dugu, auzia bi aldiz artxibatu delako, eta bietan auzitegiak atzera bota du erabaki hori. Edozein modutan ere, zentzugabekeria da hau guztia».

Auzitegi Nazionaleko fiskalak behin-behineko ondorioetan azaldu duenez, «ETAko biktimentzat umiliazio eta arbuiozko adierazpenak dituzten kantuak» konposatu ditu Soziedad Alkoholikak 1988tik 2003 arte. Era berean, kantu horietan erakunde terroristaren ekintzak «justifikatu» egiten direla dio.

«Adierazpen askatasuna izango da gure argudio nagusia, kantuen edukia eta testuinguru soziologikoarekin batera», esan du Galan abokatuak. «Buru maltzurra eta sektarioa eduki behar da kantu horietan ETA goraipatu eta ETAko biktimak umiliatzen duen zerbait dagoela ondorioztatzeko».

Explota zerdo!, Síndrome del Norte, Ya güelen eta Palomas y buitres kantuak jarri dituzte froga moduan fiskalak eta AVT elkartearen akusazio partikularrak. Abesti horietan honelako esaldiak irakur daitezke: ¡Explota zerdo! Algún día reventarás (Leher hadi txerria! Egunen batean lehertuko jaiz); Es que la paranoia de tu cabeza es tal, ke krees que todos te kieren matar ¡ten cuidado! No hagas gestos raros mira que sako el fusko y te vuelo el cráneo» (Zure buruko paranoia hain da handia, denak zu hil nahi zaituztela uste duzun, kontuz ibili! Ez egin keinu arrarorik, bestela pistola atera eta hilko zaitut); eta «Fascistas disfrazados de pacifistas, linchan arropados por la policía, ¿kienes son los tolerantes? ¿tal vez los que toleran las torturas?» (Faxistek bakezale mozorroarekin poliziaren laguntzaz lintxatzen dute. Nor dira toleranteak? Agian, torturak toleratzen dituztenak?).

SA taldeko abokatuak ukatu egin du hitz horiek ETArekin zerikusia dutela. «Taldeak atera dituen 13 diskoetan ez dute sekula ETAz hitz egin, ez onerako ezta txarrerako ere, are gutxiago biktimez. Hori bai, PPren zeregina kritikatzen dute, eta AVT haren zerbitzura dago».

ASPALDIKO AUZIAREN IBILBIDEA. AVT elkarteak duela sei urte hasi zuen Soziedad Alkoholikaren aukako jazarpena. Taldearen kontzertu ugari bertan behera geratzea lortu du ordutik hona, eta duela hiru urte arlo judizialera eraman zuen auzia, kereila baten bidez. SAren aurka jarritako salaketa, ordea, 2004an artxibatu zuen Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak. Autoan Garzonek zioen taldearen kantuak «oso gogorrak eta arlo sozialean baztergarriak» zirela, baina ez zutela eraginik arlo judizialean.

Zigor salak bestelako erabakia hartu zuen orduan, eta auziaren artxibatzea atzera botatzeko agindu zuen. Kode Penaleko artikulu berri bat nabarmendu zuen horretarako, «terrorismoaren biktimak umiliatzea edo arbuiatzea» zigortzen duena. Alabaina, auzia berriro artxibatu zen; bigarrengoan Fernando Grande-Marlaskak hartu zuen erabakia. Auzitegiak, ordea, kereila tramiterako onartzera behartu zuen epailea, eta, ondorioz, bihar hasiko da epaiketa.

Jose Luis Galanen arabera, sententzia «bi aste ondoren-edo» jakingo da. Kontrakoa balitz, errekurtsoa jartzeko prest dago Auzitegi Gorenean. «Estrasburgora iristeko ere bai, oinarrizko eskubideez ari baikara; adierazpen eskubideaz, hain zuzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.