Politika

Salaberria atxilotzeko nazioarteko agindua eman du epaileak

Bostetan deklaratzeko jarritako hitzordura ez dela agertu-eta Jon Salaberria SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide ohia atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Salaberriarekin batera, Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagi eta SAko legebiltzarkide ohiari jarri zion hitzordua, eta hura bostak pasatxo zirela joan da epaitegira Jone Goirizelaia abokatuarekin.

2005eko maiatzaren 25a
19:53
Entzun
Dozena erdi bat lagunek "hiltzaile, hiltzailea" oihuekin hartu dute Otegi Auzitegi Nazionalaren atarian, baina 'Efe' albiste agentziak agertu duenez, Espainiako Poliziak identifikatzeko eskatu die aldarrika ari ziren pertsona horiei.

Arnaldo Otegi eta Jon Salaberria Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideek inputatu gisa deklaratuko dute..Batasunaren eta herriko tabernen auziarekin lotu ditu epaileak eta, hargatik, ETAko kide izatea egotzi. Deklarazioa hartu ostean Otegi eta Salaberria auzipetu edo ez erabakiko du.

Hain zuzen, legebiltzarkide izateari utzi eta astebetera eman du agindua Grande-Marlaskak, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hala eskatuta. Bai Otegi bai Salaberria Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko kideak ziren eta, beraz, Legebiltzar berria osatu arte mantentzen zuten parlamentarioek auzitegien aurrean duten babesa. Hau da, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezin zituen auzipetu, legebiltzarkideei dagokien aforatu eskubidea zuten bitartean. Legebiltzar berria eratu zenean amaitu zitzaien babesa.

Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen herriko tabernen aurkako auzia. Azken diligentzia otsailaren 28a egin zuten. SAko legebiltzarkide ohi Joseba Alvarez eta Joseba Permachi deklarazioa hartu, eta auzipetu egin zituen. Egun horretan Josu Urrutikoetxea nazioartean bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Garzonek. Hori izan zen, baimena hartu eta New Yorkera joan aurretik Garzonek egindako azken ekinbidea.

2002ko apirilaren 30ean agindutako polizi operazioarekin abiatu zuen Garzonek Batasunaren aurkako auzia. Iragan urtarrilaren 31n Batasuneko beste 36 kide auzipetu, eta herriko tabernen bahikuntzak berretsi zituen. Auzipetuei ETAko kide izatea egotzi zien eta herriko tabernak ETAren diru iturri direla esan zuen auzipetze autoan.Garzon Amerikako Estatu Batuetan dagoen artean, Grande-Marlaska epaileak hartu du haren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.