«Ez gaude prest jardun sozial eta politiko zilegiak delitu terrorista gisa hartuta egiten den jazarpen penalari bideak irekita uzteko». Hainbat ideologiatako emakumeak elkartu dira, Bateragune auzian Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia «zentzugabea» dela salatu eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta aske utz ditzatela eskatzeko: «Aske utz ditzaten nahi dugu, beren bizi zein politika proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko, gure herriak hori horrela izatea behar duelako».
Ideologia ezberdineko emakumeak bildu ditu eskubide zibil eta politikoen defentsak. PSE-EEko Rafaela Romero, PSNko Ainhoa Aznarez, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia, Aralarreko Rebeka Ubera, EAko Esther Larrañaga eta EBko Kontxi Bilbao agertu ziren, besteak beste. Arantza Urkaregi eta Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxena ere han ziren; horiek egunotan Madrilen epaitzen ari diren D3Mko auzipetuen artean daude. Guztira 55 bat emakumeren sinadura du atzo publiko egin zuten testuak. Honela esan zuten hasi orduko: «Ez ditugu planteamendu politikoak partekatzen, eta, ziurrenik, sozialak ere ez; eta agerikoa da ez dugula berdin pentsatzen».
Ahotsak taldean bildutakoak ziren asko, baina ez ziren Ahotsak izenaren pean aurkeztu. Aurrerantzean nolako ekintzak egingo dituzten zehaztu ez bazuten ere, lanean jarraituko dutela eman zuten ulertzera: «Prest gaude, gertatzen dena gertatzen dela, bakea, elkarbizitza eta gure eskubideen ezagutza eta horiek indarrean jartzea egonkortzearen alde lan egiteko; hori egingo dugu konplexurik gabe, aurre- iritzirik gabe, bazterketarik gabe».
«Eskubidea dute»
Orain Bateragune auziko epaia salatzeko bildu dira, eta salaketa gogorra eta argia egin dute: «Zigortutako pertsonek ideiak izateko eta horiek demokratikoki defenditzeko eskubidea dute, eta horregatik ez dute zertan zigor bidezko prozesua izan , eta are gutxiago, sententzia bidegabea jaso».
Espainiako Estatuko zuzenbide penalaren erabilera salatu dute. Zigor zuzenbidea justizia egiteko baliatu behar dela diote, baina hori delituak egiten direnerako dela. «Ideiak bide demokratikoetatik eta baketsuetatik defenditzea ez da delitua», gaineratu dute. Bateragune auzian«egiazkoa ez den eta frogatua izan ez den ETArekiko lotura» egin dela salatu dute. Zigortuek lan politikoa egin zutela nabarmendu dute. «Egin zuten horren emaitza dugu, gure herriak gaur egun duen jokaleku ahalbidetu duena».
Salaketa, desadostasun ideologikoen gainetik
Epaia zentzugabea dela salatu eta zigortuak aske uzteko eskatu dute ideologia ezberdineko hainbat emakumek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu