Salatu dute Gasteizko bizilagun bat ez dutela operatzen ez duelako etxebizitza duinik

Gasteizko etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako taldeak kritikatu du bizilagun bati egindako isun proposamen bat, haren tabernan noizbehinka lo egiteagatik.

Gasteizko Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako ekimena, gaur, Gasteizen. GASTEIZKO ETXEBIZITZA ESKUBIDEAREN ALDEKO ETA GIZARTE BAZTERKERIAREN KONTRAKO EKIMENA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 19a
16:37
Entzun

Gasteizko herritar batek bizi duen egoera salatzeko, agerraldia egin du gaur goizean Gasteizko etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako taldeak. Ziurtatu dutenez, bizilagun batek bere tabernan egiten du lo, eta, larriki gaixo dagoen arren, ebakuntza egitea ukatzen diote, ez daukalako etxebizitza duinik. Erakundeek kasuarekiko erakutsitako «gizatasun falta eta aporafobia» gaitzetsi dituzte.

Koldo izeneko herritar baten kasuaren berri eman dute. Azaldu dutenez, etxetik bota zuten, eta kalean ez geratzeagatik, haren tabernan bizi behar izan zuen momentu jakin batzuetan. Urtarrilean, Gasteizko Udaltzaingoa agertu zitzaion atean, eta identifikatu egin zuten. Gasteizko etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako taldeak adierazi duenez, egun horretan ez zioten esan arau hausterik egiten ari zenik, baina Gasteizko Udalaren gutun bat jaso zuen handik gutxira, isun proposamen batekin. Erabakia kritikatu dute: «Bazterketa egoeran dagoen pertsona bati isuna jartzea, haren jabetzako taberna batean noizbehinka bizi bada kalean ez bizitzeko aukera bakar gisa, ekintza erabat ankerra da».

Gainera, adierazi dute Koldok gaixotasun larri bat duela, bihotzeko arazoak eragiten dizkiona, eta Osakidetzak ez diola ebakuntzarik egiten, ez delako etxebizitza duin batean bizi. Gaitzetsi dutenez, horren aurrean, Parte Zaharreko gizarte langileak ez dio inoiz «alternatibarik edo irtenbiderik» eskaini.

Hori horrela, taldearen hitzetan, udalak oraindik ere ez die merezi duten arreta eskaini etxebizitza arazoak dituzten herritarrei, eta irtenbide bat eskatu dute: «Egoera jasanezina da, eta etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako taldetik Koldori eta horren beharra duten pertsona guzti-guztiei arreta eskaintzea eta bizitzeko aukera ematea eskatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.