Gasteizko Udalaren parte-hartze prozesuak kritikatu ditu Benetako Green plataformak, argudiatuz ez dituztela eztabaidatzen "proiektu handiak", eta besteak "dagoeneko erabakita daudenean" eramaten dituztela gune horietara. Taldearen helburua da hutsune horiek betetzea, klima aldaketaren aurkako neurriak, mugikortasuna eta herritarren parte hartzea oinarri hartuta.
Plataformak adibide gisara jarri du iaztik 1.215 zuhaitz moztu dituela Udalak, horiek babesteko araudia urratuz eta herritarrei jakinarazi gabe. Zehaztu dute zenbaki horretan ez dituztela aintzat hartu autobus elektrikoari tokia egiteko moztutakoak edo tranbiaren lanen ondorioz kendutakoak.
Gasteizko hamabi talde ekologistak eta hainbat banakok bultzatutako plataformaren beste helburu batzuk lirateke Gasteizek ezarritako birziklatze kopuruak betetzea eta oinezkoari lehentasuna emango dion mugikortasun plan bat bultzatzea.