GIZARTEA

Salatu dute langile eskasiak arriskuan jar dezakeela Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua

Dozenaka suhiltzailek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren aurrean, eta ohartarazi hark aurkeztutako "ustezko irtenbideek" arazoa atzeratu besterik ez dutela egiten. Hala, lantaldea "berritze aldera" urratsak egiteko eskatu diote gobernuari.

Suhiltzaileen elkarretaratzea, prekarietatea eta langile falta kritikatuz. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko urriaren 4a
07:25
Entzun

"Suhiltzaileak behar dira". UPNren garaian bezala, hori izan da Nafarroako Suhiltzaileetako ordezkari sindikalek gaur goizean eginiko elkarretaratzean gehien entzun den leloa. Manifestariek baliabide gehiago eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari zerbitzuaren iraupena bermatzeko, orain arteko neurriak "adabakiak" izan direla iritzita.

"Egoera larri honetan, salatu nahi dugu Nafarroako Gobernuak planteatu dituen ustezko irtenbideek arazoa atzeratu besterik ez dutela egiten, eta, gerora, areagotu", azaldu du Fermin Astiz suhiltzaile eta LABeko ordezkariak. Halaber, 2015 eta 2016. urteetako LEP lan eskaintza publikoetan eskainitako lanpostu kopurua eskasegia dela gaineratu dute: "Ez da nahikoa, inondik inora, Nafarroako larrialdi zerbitzuaren etorkizuna bermatu ahal izateko".

Suhiltzaileek "prestasun osoa" agertu dute "zerbitzuaren iraupenaren alde ahaleginak egiteko, egoeraren larriaz jabetuta". Era berean, "urratsak" eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari, "lantaldea berritze aldera". Izan ere, nabarmendu dutenez, 340 suhiltzailek osatzen dute gaur egun taldea, "eta 388 beharko lirateke". Gainera, langileen batez besteko adina 45 urtekoa da. "Arazoa orain konpontzen ez badugu, ondorioek ez dute atzerakorik izanen", gaineratu du Iñigo Balbas LABeko kideak.

"Ezarritako protokoloa"

Joan den abuztuan Tafallan piztutako sutearen inguruko azalpenak eman ditu Maria Jose Beaumontek, PSNk eta UPNk eskatuta. Barne kontseilariak nabarmendu duenez, halakoetarako "ezarritako protokoloa" jarraitu zuen gobernuak hasieratik. "Une hartan, ordea, baldintza klimatikoak bereziak ziren, eta, horren eta bertako landaretzaren ondorioz, hasierako baliabideak ez ziren nahikoak izan".

Horiek hala, eta "ezarritako larrialdi egoerari kasu eginez", aurrekoei Ingurumen Ministerioaren eta Larrialdietarako Unitate Militarraren baliabideak gehitu zitzaizkiela zehaztu du Beaumontek. Aldiz, onartu du ez zela "egokia" izan, sutea oraindik indarrean zenean, protokoloa "modu ezin hobean" bete zela esatea.

Ordea, Barne kontseilariaren hitzek ez dituzte PSN eta UPNko parlamentariak konbentzitu. "Nafarroan sute arrisku handiena zegoen egunetako bat zen, eta automatikoki deitu behar zitzaion Ingurumen Ministerioari, baina ez zen hala egin", kritikatu du Inma Jurio sozialistak. Harekin bat etorri da UPNko eledun Sergio Sayas ere, eta "protokoloa" ez betetzea egotzi dio Beaumonti: "Hasieratik bete izan bazen, ondorioak ez ziren halakoak izango".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.