EUSKARA

Salatu dute Osakidetzak mediku elebidunak beren postutik kentzen dituela euskaldunak ordezteko

Ordezko medikuen kontratazioetan “erroko” aldaketak egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, udako ordezkapenak mediku euskaldunekin egitea ziurtatzeko.

Arrasaten egin dute agerraldia eragileek. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko ekainaren 17a
17:20
Entzun

Zenbait eragilek agerraldia egin dute Arrasaten (Gipuzkoa), eta Jaurlaritzari eskatu diote medikuen ordezkapenak euskaldunekin egiteko. Azken urteotan Osakidetzak hizkuntza arazoei konponbide “partzialak” eman dizkiela salatu dute, eta kontratazioetan “erroko” aldaketak ezartzeko eskatu diote. Nabarmendu dutenez, mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko beste postu batzuetatik profesional elebidunak kentzen jarraitzen du.

Eskaera egin dutenen artekoak dira Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, ELA eta LAB sindikatuak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, EHE Euskal Herrian Euskaraz, EHUko Medikuntzako Asanblada eta Aramaioko (Araba), Antzuolako, Elgetako, Oñatiko eta Leintz Gatzagako udalak (Gipuzkoa).

Iaz egin bezala, Osasun Sailari eskaera ofiziala egin diote aurten Aramaioko Udalak eta bertoko familia mediku Aitor Montesek, udako ordezkapenak mediku euskaldunekin egin ditzaten. Salatu dutenez, Osakidetzako giza baliabideetako sailak ez du hori kontuan izan planifikazioa egiterakoan, eta eskaera berritu behar izan dute aurten.

Egoeraren erantzule egin dute Osakidetza, hain zuzen ere,  plangintza oso baten falta duela kritikatu dute Arrasatera bildutakoek. Bereziki “larria” deritzote horri: “Urtebete izan dute arazoa konpontzeko, iazkoa berriz gerta ez dadin”, nabarmendu du Aramaioko medikuak. Uemako lehendakari Maren Belastegik azpimarratu duenez, “Osakidetzak berak euskara plan bat onartu du, eta bere osotasunean landu behar du. Ezin dugu medikuen gain utzi ardura hori. Bada garaia herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzeko”.

Presioa, mediku euskaldunak lortzeko

“Herritarrek eta zenbait erakundek egindako presioari esker” lortu dute azken urteotan medikuak euskaldunekin ordezkatzea. Hala ere, oraindik “zailtasunek” handiak izaten jarraitzen dutela salatu dute: “Argi esan nahi diegu ezin dugula gehiago egoera hau onartu, eta aurten horrelakorik ez gertatzea espero dugula; alegia, euskaldunon hizkuntza eskubideak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko neurriak hartzea espero dugu. Ez dugu onartuko iaz egin zen moduan azaleko konponbideak bilatzea”.

Hain zuzen ere, protesta ugari egin zituzten iaz hainbat herritan ordezkapenak mediku erdaldunekin egin zituztelako. Besteak beste, Gasteizko Zabalgan auzoan, Muxikan (Bizkaia), Tolosan eta Zumaian (Gipuzkoa) osagile ele bakarrak kontratatu zituzten.

Herritarren osasuna kolokan

Udan mediku euskaldunen lekuan erdaldunak jarriz, herritarren hizkuntza eskubideak urratzez gain, erien osasuna eta medikuen segurtasun juridikoa arriskuan jartzen dituztela ohartarazi du Montesek. Hain zuzen ere, Aramaion eta beste zenbait herritan pazienteen historia klinikoa euskaraz dagoelako.

Osakidetzan euskararen erabilera arautzen duen dekretuak, medikuek erien dokumentu klinikoak euskara hutsez idaztea bideratzen du. Montesek nabarmendu duenez, osasun zerbitzuak bermatu behar du arreta euskaraz egingo dela, eta medikuek euskarazko zein gaztelerazko dokumentuak ulertuko dituztela.

Iazko arazoak errepika daitezkeelakoan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jarraipena egingo duela jakinarazi zuen orain bi aste. Formulario bat jarri du sarean, kexuak biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.