Konponbidearen alde bidea egiten joateko, iheslarien kontra erabiltzen ari diren "neurri errepresibo guztiak" gelditzea "ezinbestekoa" dela adierazi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ohar bidez. Hala, iheslarien kontrako eskaera judizialak (euroaginduak) zein "torturen ondoriz" ireki diren prozedura judizialak bertan behera uzteko eskatu dute.
Era berean, artxibatuta beharko luketen prozedura judizialei "aterabidea" emateko eskatu dute, eta adierazpenetan oinarritua zabaldu direnak ixtea ezinbestekotzat jo dute.
Bestalde, 80ko urteetan munduan zehar deportatu zituzten herritarrek "guztiak libre Euskal Herriratzeko eskubidea" dutela uste dute.
Akordio zabalak egiteko deia
Miarritzen 2013an aurkezturiko bide orria berresten du Iheslarien Kolektiboak: "Egun hartatik hamarnaka iheslari izan dira urteetako erbestearekin amaituz sorterrira itzuli direnak". Gatazka behin betiko ixteko harturiko erabaki horren aurrean iheslarien kontra estatuek erabiltzen dituzten "salbuespenezko neurri bereziak" salatu dituzte, besteak beste, Europan eta Amerikan izandako atxiloketak.
Gauzak horrela, "gatazkaren konponbidearen alde indarrak biderkatzeko" deia egin dute; "Euskal Herrik bake iraunkorreko eszenatoki bat erdiesteko akordioa zabalak lortu eta gauzatzeko unea da".
Ildo horretan, positiboki baloratu dute Baionako Adierazpena, "enfrentamenduaren konponbidea sustraiko arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa emateko prozesuaren eskutik etorriko delako".