Gipuzkoako hainbat eskualde zeharkatu ostean, Sare Herritarrak maiatzean abiatutako Ibilian-ibilian, etxerako bidean kanpainak Urola Kostara (Gipuzkoa) eraman du gaur euskal preso, deportatu eta iheslarien etxeratze prozesuan bultzatzeko aldarria. Oriotik eta Zumaiatik abiatu diren bi zutabetan, eskualdeko dozenaka herritarrek Getariara arteko ibilbidea egin dute, parte zaharreko kaleetan itzulia egin ostean, Gudarien Enparantza plazan elkarretaratzea egiteko.
Eguraldia lagun izan ez badute ere, txistuek eta danbor soinuen laguntzarekin bidea girotzeko gai izan dira, eta, behin plazan izan direnean, Libe Goenagak zenbait bertso eskaini dizkie hor bildutakoei. Haren ondotik, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak hartu du hitza, segidan bailarako presoak gogora ekartzeko: «Etxerako bidean jarri nahi ditugu, gertu izan arren, hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz».
Azken hilabeteetan emandako presoen gerturatzeak positibotzat jo eta «lehen pauso batzuk» direla onartu badu ere, «presoek bizi dituzten salbuespenezko neurri guztiak bertan behera gera daitezen» eskatu du Oiartzabalek, eta etxeratze prozesu hori guztiei zabaltzeko garaia dela azpimarratu.
Halaber, Sareko bozeramaileak gogoratu du orain arte Euskal Herriko hainbat eskualde zeharkatu dituen kanpainak urrira bitarte pausoak egiten jarraituko duela, eta hurrengo jauzia Oarsoaldea eta Bidasoara egingo dutela jakinarazi du. Bestalde, Gipuzkoan egitasmoari amaiera emateko abuztuaren 21ean Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Mobilizazioak hamazazpi hondartzatan
Sarerekin batera, Etxeratek ere presoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditu astebururako. Hain zuzen, bihar elkarretaratzeak egingo ditu Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamazazpi hondartzatan, Salbuespenezko politikari stop! Etxera lelopean. Mobilizazioak Landako Urtegian (Araba), Bakion (Bizkaia), Ean (Bizkaia), Lagan (Bizkaia), Laidan (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia), Mundakan (Bizkaia), Muskizen (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia), Deban (Gipuzkoa), Donostian, Hondarribian (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa), Orion (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Donibane Lohitzunen (Lapurdi) eta Hendaian (Lapurdi) egingo dituzte, eguerdian.