Euskararen bilakaera, 1991-2011 (III). Gipuzkoa

Salbuespena

Euskalduna da bi gipuzkoarretik bat, eta euskaraz egiten dute hamarretik lauk; Donostian asko jaisten da euskararen pisuaOraindik, euskaldun zaharrek eragin handia dute, biztanleriaren herena adina baitira

mikel p ansa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Salbuespena da Gipuzkoa. Euskal hiztun gehien duen herrialdea izateaz gainera, euskaraz gehien egiten duena ere bada. Neurri batean, Euskal Herriko datu orokorrak puzten ditu; izan ere, gipuzkoarren erdiek dakite euskaraz. Euskal herritarren artean, %27 dira elebidunak, baina Bizkaia da portzentaje horretara gerturatzen den bakarra, gainerakoak oso urrun daude.

Erabilerari dagokionez ere, aldea nabarmena da. Euskal herritarren %17 eskasek egiten dute euskaraz normalean. V. Inkesta Soziolinguistikoak jasotakoaren arabera, berriz, gipuzkoarren %39k egiten dute euskaraz. Berriro ere gauza bera gertatzen da: Bizkaian izan ezik, gainerako herrialdeetan erabilera kostata iristen da %10era; Gipuzkoak berdindu egiten ditu, beraz, datu baxuenak. Baina V. Inkesta Soziolinguistikoak berak azaleratu du errealitate bat: Gipuzkoaren eta haren inguruko eskualdeen eta gainerako eskualdeen artean gero eta tarte handiagoa dagoela euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez.

Ezagutza eta erabilera altuenez aparte, euskararenganako aldekotasun handiena ere Gipuzkoan jaso du inkestak: hiru laurdenak daude euskara sustatzearen alde, eta %5 eskas aurka. Aurkakotasuna zazpi puntu jaitsi da hogei urtean, eta aldekotasuna hamasei puntu hazi da. Donostian bestela da: %8 dira aurkakoak; %61,5 aldekoak. Donostia da Gipuzkoako datuak okertzen dituena, izan ere; probintziaren eta hiriburuaren artean ere alde handiak daude.

1. Ezagutza

Gipuzkoako datuek ez dute batere antzik gainerako herrialdeetakoekin. Bi gipuzkoarretik bat da elebiduna gaur egun. 16 eta 24 urte arteko gazteen %11 baino ez dira erdaldun elebakarrak. 16 urtez gorako herritarrak aintzat hartuta, 300.000 euskaldun daude Gipuzkoan, eta 200.000 erdaldun; gainerako 100.000 herritarrek euskara ulertzen dute, baina ez dira erabiltzeko gai. Hogei urtean, euskaldunak gailendu egin dira beraz: %42 ziren 1991n, eta %2 euskaldun elebakarrak —dagoeneko estatistikoki desagertutzat jotzen direnak—; erdaldunak, berriz, %45,6 ziren orduan. Egun, gehiago dira euskaraz badakitenak eta ulertzen dutenak, hitzik ere ez dakitenak baino.

Aldiz, donostiarren erdiak dira erdaldun elebakarrak, eta herenak elebidunak, herrialdeko joerari kontrapisua eginez. Elebidun kopurua, gainera, gutxiago igo da hiriburuan (sei puntu, 1991tik); herrialdean zortzi puntu egin du gora. Gipuzkoan ere belaunaldi gazteak dira euskaldunenak: 16 eta 24 urtekoen %77 dira euskaldunak; 64 urtez gorakoen artean ere, ehunekotan euskaldun gehien duen herrialdea da Gipuzkoa (%42,3). Aurrekoa baino euskaldunagoa da, hortaz, hurrengo belaunaldi bakoitza. Erdaldun elebakarrak ere hein berean joan dira gutxitzen. Gipuzkoa da, beraz, euskara gehien dakien eta euskaraz gehien egiten duen herrialdea, gaur-gaurkoz —Nafarroa Beherea eta Zuberoa alde batera utziz gero bederen, ezaugarri demografiko eta sozial aski ezberdinak baitituzte bi herrialde horiek gainerakoekin—.

Euskaraz hobeto moldatzen diren elebidun gehien duen herrialdea ere bada Gipuzkoa (%36,6), nahiz eta beste heren batek errazago egiten duen gaztelaniaz eta elebidunen erdiek gaztelania duten lehen hizkuntza. Donostian oso bestela da: erdiek errazago egiten dute gaztelaniaz, eta horixe dute lehen hizkuntza hiru laurdenek. Portzentualki, Gipuzkoa da euskaldun zahar gehien duen herrialdea: hirutik bat. Erdaldunak ere herenak dira, ordea. Euskaldun berriak, %12.

2. Erabilera

Euskararen erabilerak gora egin zuen 1990eko hamarkadan, bost bat puntu, Gipuzkoan. Tarteka euskaraz egiten zutenak ere zortzi puntu igo ziren. Hartara, soilik erdara zerabiltenak %56 izatetik %42,5 izatera jaitsi ziren. Baina azken hamarkadan egonkortu egin da erabilera. Normalean euskaraz egiten dutenak %39 dira. Euskaraz gehien egiten duen herrialdea da Gipuzkoa, baina duela hamar urteko antzeko portzentajeetan egonkortu da erabilera. Bakarrik erdaraz egiten dutenak %44 bat dira. Donostian, berriz, euskararentzat ilunagoak dira datuak: hirutik bi dira gaztelania hutsez aritzen direnak, eta %17 eskas euskaraz egiten dutenak.

Erabilera guztiz aldatu da, Bizkaian eta Araban bezala, Gipuzkoan ere. 64 urtez gorakoen erdiak erdaraz aritzen dira normalean, eta laurdenak euskaraz; gazteen artean, berriz, herenek egiten dute euskaraz, eta %21 eskasek gaztelania hutsez. Euskaraz eta gaztelaniaz nahas-mahas aritzen diren gazteak, berriz, %46 dira —zaharrenen artean, %19 bakarrik dira—. Gazteenek, beraz, gehiago erabiltzen dute euskara, baina erdararekin nahasiago, Araban eta Bizkaian bezala; bi probintzia horietan, ordea, Gipuzkoan baino txikiagoa da elebidunen portzentajea, eta horrek eragiten du Gipuzkoan euskararen erabilera orokorra handiagoa izatea.

Gipuzkoan ere seme-alabekin erabiltzen da euskara gehien. Guraso elebidunen %82k euskaraz egiten diete seme-alabei. Anai-arreben, lagunen eta lankideen artean euskaraz egiten duten elebidunak %60 inguru dira, etaikaskideen artean erabiltzen dutenak, %74. Etxeko erabilera zerbait apaldu da (%50), eta eremu formalekoa dezente hazi: elebidunen %70ek baino gehiagok erabiltzen dute euskara administrazioarekin, eta %60 inguruk bankuan eta osasun zerbitzuetan.

Elebidunak soilik zenbatu beharrean populazio osoa aintzat hartuta ere, gainerako herrialdeetan baino gehiago erabiltzen da euskara Gipuzkoan; %30 inguruk erabiltzen dute euskara etxean. Eremu formalean, berriz, hein horretatik gorako erabilerak jaso ditu V. Inkesta Soziolinguistikoak. Alderatzeko: gainerako herrialdeetan, euskararen erabilera nekez heltzen da %10era.

3. Jarrerak

«Hobe da jendeak ingelesa ikastea euskara ikastea baino» galdera pausatu du inkesta soziolinguistikoak, eta kontrako iritzi gehien eman duen herrialdea izan da Gipuzkoa: %60 daude aurka, %18 ados. Era berean, euskara sustatzeko politiken alde egiten dute gipuzkoar gehienek: %84k uste dute administrazio publikoan lan egiteko euskaraz jakin behar dela, eta %86k pentsatzen dute haur guztiek euskaraz jakin behar dutela. %75, gainera, D ereduaren gisako irakaskuntza baten alde daude, eta %20, B ereduaren gisako baten alde. Halere, «bertakoa» izateko euskaraz jakin behar dela ukatzen dute %44k. Gipuzkoarren %72k «guztiz» euskalduntzat ikusten dute beren burua, eta %19 baino ez dira euskara arriskuan ikusten dutenak. Hizkuntza politikak ontzat jotzen dituzte ia erdiek; %30 eskasek «gutxi» egin dela uste dute.

OHARRA: BiharIpar Euskal Herriko datuakargitaratuko ditu BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.