EUSKAL HERRIA

"Salbuespenezko prozedura batek" utzi du Laudio pregoirik eta pregoilaririk gabe, udalaren arabera

Laudioko Udalak ez du aukerarik epailearen erabakiari helegiterik jartzeko, denbora faltagatik. "Kanpoko esku hartzeagatik", herritarrek aukeratutako pregoirik eta pregoilaririk gabe geratuko dira Laudioko festak, udal gobernuak baieztatu duenez.

2013ko abuztuaren 13a
22:34
Entzun

Bihar hasiko dituzte festak Laudion (Araba), baina ez herritarrek aukeratu eta jai batzordeak berretsitako pregoilariarekin. Pablo Gorostiagak izan behar zuen pregoilari, baina Carlos Urkijok hori hala ez izateko eskaera egin zuen, eta Gasteizko Administrazio Epaitegiak onartu egin du haren eskaera. Erabakiaren "salbuespenezko prozedura" salatu du Laudioko Udal Gobernuak: ez dago epai edo erabaki irmorik, baina, helegitea aurkeztuta ere, helegitearen erantzuna "ez litzateke inola ere" pregoiaren irakurketa baino lehenago iritsiko, jaiak bihar hasiko baitira.

BERRIAra bidalitako ohar batean, Laudioko Udal Gobernuak gogorarazi du Gorostiaga pregoilari izatea herritarrek erabaki zutela, "prozedura parte hartzaile batek berretsia". Urkijoren eskaeraren eta epailearen erabakiaren ostean, baina, "pregoi eta pregoilari gabe geratzen dira Laudioko jaiak, kanpoko esku hartzeagatik". Herritarren borondatea errespetatzeko udalak "bere esku zegoen guztia" egin arren, "gobernu delegatuaren itzala nagusituko da" festetan.

Era berean, "printzipioak eta aldarrikapenak zein gozamena eta umore ona batuko dituen jai giroa sortzera" animatu ditu herritarrak, "eskubideak murriztuz eta zentsuratuz jai giroa nahastu nahi dutenek halakorik lor ez dezaten". Gorostiagaren senideei, berriz, agur bat bidali die Udal Gobernuak oharraren bidez: "Traba guztien gainetik, jaso dezatela Laudioko herriak pregoilaria aukeratzerako orduan agertu zien estimua, baita debeku horren aurka agertzen dien elkartasuna ere".

Natxo Urkixo Laudioko alkateak jakinarazi zuenez, Gorostiaga pregoilari izan ezean ekitaldi "xume bat" egingo zuten festei hasiera emateko, ohiko pregoiaren ordez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.