Salestarrek aitortu dute orain 30 urte eduki zutela Deustuko abusuen berri

Ikasle ohien aldeko elkarretaratzea egin dute ehunka lagunek, Deustun. «Ez ikusiarena» egin izana egotzi diote eskolari. Jada hogei lagunek baino gehiagok jarri dute salaketa hiru irakasleren kontra

Salestarren ikastetxea, Deustun. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Isiltasuna hautsi dute Bilboko salestarren ikastetxean sexu abusuak jasan zituzten ikasle ohiek. Deustuko Done Petri plazan elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean. Ehunka lagunek babestuta eman dute pausoa, eta tartean ziren Bilboko Udaleko talde guztietako ordezkariak ere. Amaieran, biktimek idatzitako gutuna irakurri zuten. «Bukatu da isiltasuna», berretsi zuten. Jada hogei ikasle ohik baino gehiagok jarri dute salaketa. Berri agentzien arabera, hiru lagun daude salatuta: irakasle ohi bi, eta garai hartako zuzendaria —hilda dago—. Salestarrek bazuten abusuen berri.

Salestarrekin bereziki haserre agertu dira biktimak. Ohartarazi dute bazekitela zer gertatzen zen, baina «ez ikusiarena» egin zutela. «Egia osoa aitortzen ez bada, damua ez da sinesgarria, eta ezin da adiskidetzerik izan». Salestarrek oharra argitaratu zuten atzo: aitortu dute 1989an izan zutela ikasle bik jasandako abusuen berri. Lehen salaketak jaso zituen irakasleak 1990ean utzi zituen eskola eta salestarren ordena; ikastetxeak baieztatu du abusuekin lotura izan zuela alde egin izanak.

Jada elkartu dira biktima batzuekin, eta gainontzekoak ikastetxera jotzera animatu nahi izan dituzte. Barkamena eskatu dute: «Argi dago orduan egin genuena ez zela nahikoa izan. Ez genuen jokatu auziaren larritasunak eskatzen zuen bezain azkar». Adierazi dute Ertzaintzarekin elkarlanean dabiltzala, «gertatutako guztia argitzeko». Biktimen sufrimendua aitortu dute: «Ezin dugu imajinatu ere egin 30 urte hauetan sentitu duten mina eta haserrea». Horregatik, atzoko elkarretaratzea babestu zuten salestarrek. Iragarri dute ordenatik kanpoko kidez osatutako batzorde bat eratuko dutela, nahi duten biktimei laguntza psikologikoa eta legala emateko.

Ikasle ohiek uste dute «pauso bat» dela ikastetxearen oharra; «bide onetik» doala. Baina «gutxi» dela iritzi diote. Haien arabera, ikastetxeak «ez du egia esan», 1989a baino lehen ere bazuelako abusuen berri. «Nola da posible zer gertatzen zen jakin eta epaitegietan salatu ez izana?».

Sentitu dute auzitan jarri dituztela 30 urte pasatutakoan salatu dutelako. «Umeak ginen, haurtzaroa lapurtu zigun, eta gertatutakoa lurperatuta gainditzen ahalegindu garen zauria utzi zigun».

Salatzeko deia

Salatutako abusuak 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoak dira, baina gerora ere kasuak izan diren susmoa dute; salaketa ia denetan aipatu duten erasotzailea, adibidez, udalekuetan zebilen. Biktimei «min» ematen die atzetik biktima gehiago egongo zirela pentsatzeak. Salatzera animatu dituzte, kasu horiek agian ez direlako preskribatu. Baita abusatu zituzten beste ikaskideak ere. Haienak, seguruena, preskribatuta egongo dira, 30 urte igaro direlako. Legea aldatzeko eskatu diete politikariei. Elizari lotutako abusuak dira albiste. «Eta ez da gutxiagorako». Baina salestarretako ikasle ohiek gogoan izan dituzte gainontzeko biktimak ere: «Asko zarete, gehiengoa zarete zuen familian edo konfiantzako inguruetan basakeria hau sufritu duzuenok. Baturik, gure zauriak senda ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.