HIRIGINTZA

Salestarren UGEPa gelditzeko eskatu dio Asironek Nafarroako Gobernuari

Iruñeko Zabalgunean 18 solairuko lau etxe orratz eraikitzeko proiektua "burugabekeria" dela uste du alkateak, eta lursailen enkante prozesuan atzera egitea galdegin dio gobernuari.

Salestarren ikastetxea, zabalgunean. Lursail horretan 18 solairuko etxeorratzak eraikitzeko plana onartu du Nafarroako Gobernuak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko abuztuaren 25a
08:10
Entzun

Proiektua gelditzeko arrazoi "politikoak, sozialak eta juridikoak" daudela berretsi dute Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurreak. "Hiriaren etorkizunak ezin du espekulazioaren eta salerosketaren esku egon, eta erakunde publikoek prest egon beharko lukete diru gutxiago jasotzeko, hirigintza plangintza oinarrizkoenak babesteko tenorean", azaldu du Asironek.

Horregatik, proiektua moldatu eta bestelako aukera batzuk aztertuko balira, UGEP Udalerriz gaindiko eragina duen plan horretan zehazten diren diru sarrerei uko egiteko prest egonen litzateke Iruñeko Udala, "lursailak jasango lukeen balio galera hipotetikoaren proportzio berean".

Izan ere, salestarrena "kolpez aberasteko proiektuen garaikoa" dela gaineratu dute ordezkari publikoek. "Kongregazio erlijioso baten eta etxegintza enpresen interes ekonomikoei erantzuten die soilik; gehiengo sozial eta politikoak arbuiatu egiten du burugabekeria hau; itun programatikoaren aurka doa, eta hiriaren etorkizuna baldintzatuko du", esan du alkateak.

Auziak, alta, eztabaida piztu du laukoaren barruan. Izan ere, proiektua aurrera eramateko erabakia hartu zuen Miguel Laparra lehendakariordeak abuztu hasieran. Laparraren eta Geroa Baiko zenbait eledunen irudiko, ez dago beste aukerarik, UGEPa atzera botatzeak kalte-ordain handiak pagatzea ekarriko lukeelako.

Hori ere gezurtatu dute Asironek eta Abaurreak gaur: "Plan Berezia moldatuta ere, lursailaren hirigintza ustiapena murrizten ez bada, ez da inongo kalte-ordainik eman behar. Horrek esan nahi du ez legokeela arazorik baldin eta 18 solairuko etxe orratzak egin ordez auzoaren eredua errespetatzen duten etxebizitza sail txikiagoak eraikiko balira. UGEPean ez da zehazten nolakoak izan behar duten eraikinek".

UPNk sinatutako azken proiektuetako bat izan zen salestarrena. 2015eko hauteskundeen ostean, Yolanda Barcinaren gobernua eta Enrique Maiaren udala jardunean zirela, eskura zituzten lege zirrikitu guztiak baliatu eta urrats administratiboak bizkortu zituzten bi erakundeek, hirigintza proiektua UGEP gisa tramitatu ahal izateko.

Planak makina bat eztabaida eragin du parlamentuan. Izan ere, salestarrek lanbide heziketako zentro bat zuten Iruñe ergiduneko Aralar kalean, eta orain urte batzuk Eguesibarren ikastetxe berria eraikitzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak. Trukean, Iruñeko orubean luxuzko etxe orratz handiak eraikiko lituzkete. Lehen hitzarmena Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Eguesibarko Udalak eta salestarrek izenpetu zuten, 2011ko urtarrilean, UPNk hiru erakunde publikoetan gobernatzen zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.