Krisialdi ekonomikoan, zigortutako pertsonak ziegan ixtearen aldeko jarrera nagusitzen ari da. Hala iruditzen zaio Salhaketari, Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiaren jokabidea aztertuta. Batetik, Donostia, Bilbo eta Gasteizen egitekoak ziren gizarteratze zentroak bertan behera uzteko erabakia hartu du hark. Bestetik, Salhaketak gogorarazi du gizarteratze politiketan «ezinbesteko» diren elkarteen jarduna ere ezbaian gelditzen ari dela, laguntza faltaren ondorioz.
Zigortutako pertsonak, gizarteratu beharrean, preso sartzeko irizpidea ezartzen ari da Espainiako Gobernua, Cesar Manzanos Arabako Salhaketako ordezkariak atzo adierazi zuenez: zigorrak luzatu, ekintza berriak zigortu... Hala, adierazi du gaur egun espetxeetan dauden ziega guztien beharra izango dela politika aldaketa horren ondorioz eta, beraz, Langraizko espetxe zaharra «funtsezkoa» izango dela: «Duela urte batzuk aurreratu genituen hipotesi ilunenak betetzen ari dira».
Aurreko Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen Gasteizko gizarteratze zentroa eraiki arte Langraizko espetxea gizarteratze zentro moduan erabiliko zela. Gasteizko zentroa baztertu egin dute, ordea; Langraizen egongo da, beraz. Manzanosek gogor kritikatu du hori; besteak beste, gizarteratze zentroak hirietan egon behar dutela nabarmendu du, prozesua errazteko modu bakarra delakoan.
Nahita sortutako alarma
Anton Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko Arabako ordezkariordeak adierazi izan du gizarteratze zentroek «alarma» sortzen dutela gizartean. Ordea, Manzanosek uste du alarma hori nahita sortutakoa dela; espetxe politikak indartu nahi dituzten agintariek sortzen dutela, alegia. «Alarmaren aitzakia erabiltzen dute, Langraizko espetxe zaharra irekita edukitzeko». Erabakiak bizilagunen bizkarretik hartzea leporatu die Manzanosek agintariei: «Zaragozan [Espainia] egin duten gizarteratze zentroak ez du inongo arazorik izan, bizilagunek parte hartu zutelako prozesuan».
Manzanosek ohartarazi du Arabako bi espetxeak betetzeko arriskua dagoela politika horiek behartuta. «Lau edo bost urtean» Arabako espetxeetan 2.000 preso baino gehiago egoteko arriskua dagoela salatu du, 2.500 gehienez. Preso horiek, orain gertatzen den bezala, kanpokoak izango direla jakinarazi du, eta, ondorioz, horien gizarteratzea are zailagoa izango dela ohartarazi du.
Bestalde, Langraizko espetxe zaharra irekita jarraitzeagatik erantzukizunak eskatu dizkio Manzanosek Javier Martinez Langraiz Okako alkateari. Espetxeko lur eremuak erabilera publikoa izango zuela agindu zuen Martinezek, eta espetxea itxiko ez balitz kargua utziko zuela adierazi zuen.
Salhaketak dio gizarteratzea baztertu egin dela krisiarekin
Zigorrak gogortzen ari direla ikusita, iragarri du Langraizko espetxe zaharra «funtsezkoa» izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu