Salhaketak jakinarazi du bizkaitar bat hilik topatu dutela kartzela batean

Palentziako espetxean hil den presoaren auziaren inguruko iritzia eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarreko alderdiei

Salhaketa elkartearen elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Salhaketa elkarteak atzo jakinarazi zuenez, otsailaren 4an Bizkaiko 43 urteko pertsona bat hilik aurkitu zuten Palentziako kartzelan (Espainia). Elkartearen arabera, hildakoak bularreko mina zuen, eta behin eta berriz eskatu zuen osasun arreta. Kartzelan dagoen bertze preso batek eman zion familiari heriotzaren berri. Hildakoaren senideak inguruko ospitale guztietara deika ibili ondoren, kartzelako zuzendariarekin solastatzea lortu zuten. Jakinarazi zien ziegan topatu zutela hildakoa, arratsaldeko zenbaketa lanak egiten ari ziren bitartean.

«Ez da kasu bakan bat, ezta salbuespen bat ere», adierazi zuen elkarteak. Erran zuten espetxeetan ez dagoela nahikoa osasun zerbitzu, azalekoa dela eta oso zaila dela zerbitzu hori lortzea. Gainera, azaldu zuten arduradunek ez dietela ematen familiei heriotzen berri, «sistematioki ezkutatzen» dituztela horrelako gertakariak. Toki horiek presoen osasunean duten eragina ere azpimarratu zuten: «Estrukturalki, espetxeak bertan bizi direnen osasun mentalean eta fisikoan ondorio suntsitzaileak dituzten egitura batzuk dira».

Hortaz, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari, Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuari galdegin diete zer egin behar duten egoera hobetzeko. Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei, berriz, eskatu diete heriotzaren inguruan iritzia eman dezatela.

Eskaerak

Gertatutakoa salatzeaz gainera, zenbait eskakizun egin dituzte, bertzeak bertze: espetxeetako zuzendariek familiak «inpartzialtasunez» informatzea; fiskaltzak ikertzea kartzelen barruan gertatzen diren heriotzak, «zigorrik gabe» ez gelditzeko; auzitegietara joatean familiei laguntza eskaintzea, ulertu ahal izateko nola funtzionatzen duen justizia administrazioak, eta jaso ahal dituzten kalte ordainak erreklamatu ahal izateko; familiei laguntza psikologikoa ematea; gaixotasun larriak dituzten presoak «berehala» espetxetik ateratzea, gaixotasun mentalak dituztenak barne; eta zigor eta espetxe legeria erreformatzea.

«Heriotza gehiagorik ez espetxean, ezta tratu txar psikologiko eta fisiko gehiagorik ere, ez zabarkeria medikorik, ez bakartze gehiagorik, ezta isiltasun gehiagorik ere», aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.