Langraizen preso zegoen pertsona baten heriotzaren berri eman du Salhaketak, eta gezurtatu egin du heriotzaren arrazoia drogekin lotutako eztabaida batek eragindako borroka izan denik.
Salhaketak gaur jakinarazi duen gertakaria abuztuaren 7an jazo zen. Azaldu dutenez, itxura denez beste preso batek ukabilkada bat eman zion hil den presoari lepo inguruan; horren ondorioz, lurrera erori zen, eta baliteke erorketan garondoan kolpea hartu izana.
Salhaketaren arabera, ustez eraso egin zion presoa "egoera fisiko eta psikolgiko oso txarrean dago". Talde horren ustez, borrokaren arrazoia drogei egotzita, espetxeak berari dagozkion ardurak gainetik kentzea lortu nahi du.
Salhaketak argi dio eztabaida ez zela drogengatik izan: "Benetan argitu behar da ea zergatik bizi den hain gaizki dagoen pertsona bat beste kide batzuekin batera, benetan behar duena tratamentu espezializatu bat denean; eta ziur aski kartzelatik kanpo izan beharko luke tratamendua". Horretaz gain, ezbeharra gertatutakoan modu "egoki eta azkarrean" erantzun ote zen argitu behar dela gehitu du Salhaketak.
Azkenik, gertatutakoa argitzeko eskatu du, eta espetxe sistemaren sakoneko erreforma aldarrikatu du.