Salhaketak ohartarazi du Zaballan «isilean» lehen gradua dagoela

Langraizko espetxe zaharra «biltegitzat» jo du elkarteak, zentro horrek ez duelako gizarteratze irizpiderik

Zaballako espetxeko ziegak, inaugurazio egunean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Salhaketak salatu du Arabako espetxe berrian «isilean» lehen gradua ezarri dutela. Cesar Manzanos Salhaketako bozeramaileak jakinarazi du kartzelako moduluak «bakartze espetxe txikiak» direla hango presoen arabera, eta gogorarazi du presoak apenas ateratzen direla moduluetatik. Medikuen zein hezitzaileen bisitak moduluetan bertan egiten dituztela eta zerbitzu moduluetara egindako bisitak «salbuespenak» direla gaineratu du: modulu soziokulturala, errehabilitazioa, tailerrak...

Zaballako espetxea inauguratu zutenetik zortzi hilabete igaro dira, eta bost lehen presoak sartu zituztenetik. Manzanosek nabarmendu du ziegetako pilaketa agerikoa izan dela tarte horretan. Espetxeak 720 ziega ditu guztira, eta gaur egun 600 preso inguru daude. Ordea, lau modulu hutsik daude, funtzionarioak falta direlako, eta preso guztiak zazpi modulutan bildu dituzte. Hau da, 72 ziega dituzten modulu batzuetan ehun preso daude gaur egun, eta Manzanosek gaineratu du geroz eta gehiago heltzen ari direla.

Emakumeen moduluen egoera txarraz ere ohartarazi du Salhaketak. Bertan dauden presoek jakinarazi diete baldintzak okertu egin direla Langraizko espetxe zaharrean zituztenen aldean. Jakinarazi dute espetxe berrian «askoz» borroka gehiago daudela presoen zein funtzionarioen baldintzak okerragoak direla eta. Manzanosek gogorarazi du aurreko espetxeko emakumeen moduluan zeuden hamar funtzionario inguruk espetxe aldaketa eskatu dutela.

Presoen egoera salatzeaz gain, funtzionarioen egoeraren berri ere eman du Salhaketak. Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritzako lan arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuak espetxeko zenbait «arrisku larriz» ohartarazi du: zoru irristakorrak, lan tresna elektrikoak dauden lekuetako itoginak, arrisku eta larrialdietarako seinale nahasgarriak edo seinalerik eza, muturreko tenperatura hotzak...

Manzanosek gogorarazi du presoen zein funtzionarioen segurtasun arazoek, baliabide faltak eta pilaketek are gehiago zailtzen dutelapresoen gizarteratzea. Are gehiago, gaur egun atzeman dituzten arazo horiek areagotu egingo direla dio, gero eta preso gehiago pilatzen ari baitira espetxea ireki zutenetik. «Erloju bonba bat da Zaballako espetxearen egoera».

Horrez gain, gogorarazi du garraioaren arazoa konpondu gabe dagoela. Añanako kuadrillan, biztanle gehien duten guneen artean bosgarrena da, baina Manzanosek azaldu du laster bigarrena izango dela. Ordea, ez du garraio publikorik. Arabako Aldundiak Langraiz Okatik taxi zerbitzua baino ez du eskaintzen, aldez aurretik eskatuz gero.

Langraizkoa, «bolborategia»

Manzanosek Langraizko espetxe zaharra «bolborategitzat» jo du, hango presoek duten egoeraren ondorioz. Egun ehun preso inguru daude han, eta Manzanosek azaldu du funtzionario bakar batek hartzen duela horien ardura. Horrez gain, janaria edota arreta medikoa Zaballako espetxetik eraman behar dietela gaineratu du. Garai bateko emakumeen moduluetan daude, «arautegiaren aurkako» baldintzetan, Manzanosen hitzetan. «Emakumeak eta gizonak elkartuta daude; ordutegi ezberdinetako pertsonak batera...».

Espainiako Gobernuko ordezkariek gizarteratze zentrotzat jo duten arren, «hirugarren graduan dauden presoen biltegi bat» dela salatu du. «Hezitzaileak, baliabideak, funtzionarioak eta gizarteratze politikak egon behar dute horrelako zentro batean, eta Langraizko espetxe zaharrean ez dago horrelakorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.