Kalean musika saltzeagatik egin daitekeen zigor eskaera handienetakoa egin zuen Gipuzkoako Fiskaltzak gizon senegaldar batentzat: bi urteko kartzela zigorra, 2.700 euroko isuna eta 500 euroko kalte-ordaina egile eskubideak kudeatzen dituzten hiru enpresarentzat. Gaur epaitu dute, Donostian, eta fiskaltzak, azkenean, zigor eskaera apaltzea erabaki du. Falta arintzat jo, eta 90 euroko isuna ezarri dio. 500 euroko kalte-ordainari ere aurre egin beharko dio berdin-berdin.
32 urteko ditu gizonak eta paperik gabea da. Bilbon bizi da orain dela zazpi urtetik, eta kaleratze arriskuan izan da behin baino gehiagotan. Kale salmenta du bizibide; 2009ko abuztuan atxilo hartu zuten, Zarautzen (Gipuzkoa), lanean ari zela: 118 CD eta 45 DVD zeramatzan. Material hura salduz etekina ateratzeko asmoa zuelakoan, jabetza intelektualaren aurkako delitua leporatu zion fiskalak. SOS Arrazakeria eta Mbolo Moy Doole elkarteek haren aldeko hainbat ekintza egin dituzte asteotan.
Kalte-ordainari uko egiteko eskaera
Saltzailearen abokatu Arturo Hernandez pozarren agertu da fiskaltzaren erabakiaz, aurrekari penalak eta kaleratze arriskua saihestu baititu horrela. Hernandezek gogorarazi du fiskaltzak "gogorregi" egin zuela hasieran senegaldarraren kontra, baina nabarmendu du "aldaketa erabatekoa" izan dela eta, horrenbestez, "erraza" izan dela akordioa lortzea.
SOS Arrazakeria elkarteak ere ontzat jo du fiskaltzaren jarrera aldaketa, baina kalte-ordainari uko egiteko eskatu die egile eskubideak kudeatzen dituzten hiru enpresei: SGAE, AGEDI eta ADIVANi. Elkartearen ustez, kalte-ordainaren kalkulua ez dator bat hark saldutako materialarekin. Horregatik, eta, isunaren ordainketa samurtzeko, "haren aurkako erantzukizun penalak amaitzeko" deia egin die enpresa horiei.