Iruñeko San Fermin jaietako ekitaldi nagusietakoa da gaurko egunez egiten duten prozesioa, baina gaur ere azaroak izan dira, etenda izan delako, polizien presentziagatik.
Duela bi urte Yolanda Barcina (UPN) alkateak txistu asko entzun zituen Curia kalean -alde zaharrean dago-, meza ondoren. Iaz, haren erabakiz, elizkizunaren ostean prozesioa handik ez zen pasatu, eta udaletxe plazan eman zioten bukaera. Aurten, berriz, beste formato batekoa izan da ekimen erlijiosoa: etenarekin.
Hain zuzen ere, San Lorentzo elizan meza amaitu eta Curia kaletik pasatu behar zutenean, 13:15 aldera, karrika hori Espainiako Poliziako kideez josia zegoen, alde banatan jarrita. Erraldoiek eta buruhandiek zabaltzen dute prozesioa, eta hauek, karrikaren itxura ikusita, ez dute pasatzerik nahi izan, planto egin dute; Mercaderes kalean geratu dira, Curiaren hasieran. Prozesioa, beraz, etenda egon da; ordu erdiz egon ere, poliziak Curian egon diren bitartean.
Poliziak joan aurretik, bertan zen jendea haien kontrako oihuak botatzen hasi da, ospa egiteko eskatuz. Poliziek ez dute denek batera utzi karrika, bi taldetan baizik.
Kalea garbitu denean ekin diote erraldoiek eta buruhandiek desfileari, eta dantzariak, banda eta udal korporazioa, atzetik. Han zen Barcina, udaltzainez inguratua, eta aurten ere egundoko txistu pila jo dizkio jendeak. Ez da liskarrik gertatu.
Mila lagun prozesioan
Gaur, San Fermin egunarekin, santuaren irudia lagundu dute milaka lagunek Iruñeko alde zaharreko karriketan barrena, tradizioari jarraiki.
Udalbatzak, dantzariekin, erraldoi eta buruhandien konpartsarekin eta Pamplonesa udal musika bandarekin batera, udaletxea utzi, eta katedralerako bidea hartu du 9:50ean.
Handik, txistulari, gaitajole, klarinetejole, peñetako ordezkari, lanbide historikoetako ordezkari eta eliza ordezkariekin San Lorentzo elizara jo dute, han San Ferminen irudia hartu eta prozesioan eramateko.
Milaka herritar eta atzerritar izan dituzte txaloka eta oihuka, alde zaharreko kaleetan.
Kontsejuaren plazan Txantreako Santiago Abesbatzak jota bat eskaini dio santuari. San Zerningo putzuaren parean, aldiz, txistularien txanda izan da; han Agur Jaunak jo dute, ingurukoen gozamenerako.
Santuari lore eskaintzak eta bestelako kantuak eskaini dizkiote herritarrek, eta eguerdian meza eman du -gaztelaniaz, ele batzuk euskaraz erran baditu ere- Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako (Nafarroa) apezpiku berri Francisco Perezek, San Lorentzo elizan. Eliza katolikoaren aita santu Benedikto XVI.aren agurrak helarazi dizkie Perezek eliztarrei.
Sanferminak
San Fermin eguneko prozesioa etenda egon da, Espainiako Poliziak Curia karrika hartu duelako
Erraldoiek eta buruhandiek ez dute kale hartatik pasatzerik nahi izan, eta jendea polizien kontra oihuka hasi da. Hauek aldegin dutenean ekin diote berriro prozesioari. Barcina alkateak aurten ere txistu asko entzun ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu