Iruñeko sanferminak

San Ferminen omeneko prozesioa iskanbilarik gabekoa izan da aurten

Curia karrikan segurtasun kamerak jarri dituzte, urtero gertatzen diren istiluak saiheste aldera. Barcinak txistuak entzun ditu aurten ere. Iaz Espainiako Poliziarekin sestra izan zen.

2009ko uztailaren 7a
18:05
Entzun
Urtero bezala, San Ferminen omeneko Iruñeko prozesioa egin dute gaur, eta istilu handirik gabekoa izan da, iaz ez bezala. Curia kaletik igo dira erraldoi konpartsa, udalbatza eta Artzapezpikutzako kideak, baina aurten ezohiko zerbait zegoen karrikan: segurtasun kamerak jarri dituzte, aurreko urteetako istiluak ez errepikatzeko asmoz. Izan ere, urtero Yolanda Barcina alkatearen aurkako oihuak eta txistuak entzuten dira prozesioan.

Mañueta kalean aurten ere Espainiako Poliziaren presentzia oso nabaria izan da. Aurreko urteetan ere poliziak bidali zituzten, prozesioa igaro aurretik han jaso dituen txistuak saihesteko asmoz. Baina aurtengoan ere ez du lortu xedea.

Iaz ikusleek oihuekin egin zieten aurre poliziei. Erraldoiek, berriz, Curian gora ez abiatzea erabaki zuten. Ordu erdiz egon ziren Mercaderesen zain, poliziek alde egitea erabaki zuten arte. Iruindarrek txalo artean hartu zuten polizien erabakia. Eta txalo artean hartu zituzten, halaber, erraldoiak eta dantzariak. Barcinak, berriz, txistualdi ozenagoa entzun behar izan zuen.

Gaur San Ferminen irudiak txalo artean egin du prozesioko ibilbide guztia. 9:50 inguruan abiatu da. Udalbatzak erraldoien konpartsarekin egin du bat Udaletxeko plazan, eta Artzapezpikutzako kideen bila joan dira elkarrekin, katedralera. Handik San Lorenzora, San Ferminen irudiaren bila. Eliza horretako San Fermin kaperan egoten da urte osoan, karriketan noiz paseatuko.



Kontseiluaren plazako jota unetxo berezia da Iruñekoentzat, eta aurten ere hala izan da. Ondoren San Anton kaletik aurrera jarraitu du prozesioak. Mercaderesera, Udaletxeko plazara, eta Kale Nagusitik berriro San Lorenzora; bertan amaitu du ibilbidea.

Hurrengo urteko prozesioaren zain daude asko. Baina hilaren 14ra arte, festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.