Ainhoa Intxaurrandieta San Marko mankomunitateko presidenteak agerraldia egin du gaur, Donostian, atzo PSE-EEk eta EAJk Denis Itxaso presidente izendatzeko akordioa sinatu dutela jakin ostean.
Intxaurrandietak ohartarazi du San Marko mankomunitateak ez duela atez atekoa kentzeko eskumenik. Izan ere, atzo Itxasok esan zuen "eustorma" izan nahi duela atez atekoaren "inposizioaren" aurrean. "Harrituta" agertu da Intxaurrandieta sozialistak egindako adierazpenekin, eta erantzun dio erakundeak ezin duela gelditu udalen erabakirik. Hala ere, Itxasoren adierazpen horiek urriaren 21eko hauteskundeen aurrekanpainaren barruan ulertu behar direla uste du Bilduko kideak.
EAJren jarrera ere kritikatu du Intxaurrandietak, mankomunitatea PSE-EEren eta PPren eskuetan utzita "herritarren gehiengoaren nahia" alboratzen dutelako. Erakundeko presidenteak adierazi du Bilduren aurkako akordioek ez dutela lortuko alderdiaren helburua baztertzea, "zero zaborreko herrialdea". Herritarrek nahi ez duten eta inoiz egingo ez den erraustegia bultzatzea egotzi die Bilduk gainontzeko alderdiei.
Intxaurrandietak urtebete egin du San Markoko presidente karguan, eta pozik agertu da egindako lanarekin. Erakundean jarraituko duela esan du, Lezoko ordezkari gisa. Itxasori gogorarazi dio mankomunitatea osatzen duten hamar udaletatik bederatzi Bilduren eskuetan daudela.