Hilaren 20ean, San Sebastian egunez, Donostian etxera itzultzen ari zela bortxatu zuten emakumezko bat, eta orduan ikerketa hasi zuten hiriko udaltzainek. Gaur Donostiako Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Ernesto Gascok jakitera eman duenez, ikerketa horri jarraiki, gizonezko bat atxilotu zuten herenegun hirian bertan, Amarako autobus geltoki nagusian. Emakumea bortxatu izana leporatzen diote, biktimaren azalpenetan eta hiriko hainbat bideo-kamerek grabatutako irudietan oinarrituta.
San Sebastian egun goizean, festa egin ondoren bere etxera bueltatzen ari zela gizonezko batek bortxatu zuen 40 urteko emakumea, etxeko atarira sartzerakoan honi aurpegian eta gorputzean kolpeak eman ondotik.
Emakumeak berak jarri zuen gero salaketa, eta osasun zerbitzuek artatu zuten, kolpe gogorrak baitzituen. Halere, ordu gutxira eman zioten alta.
Gascok zehaztu duenez, emakumeak udaltzainei salaketa jartzean azaldu zuen zer ibilbide egin zuen alde zaharretik (festa gunetik) etxera. Hala, ibilbide horretako hainbat eraikinetan jarrita dauden bideo kameretako grabazioak aztertuta, udaltzainek ikusi zuten gizonezko susmagarriak emakumea jarraitu zuela, honen etxeraino. Biktimak emandako deskribapena eta bideo grabaziotik ateratako irudiak banatu zituen Udaltzaingoak bere polizien eta beste polizia erakundeen artean.
Irudi horretan oinarrituta atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa, joan den asteartean. Oraindik ez dakite zein den haren nortasuna, "datu faltsuak" eman dizkiolako, Ertzaintzaren arabera. Atxilotua Udaltzaingoaren egoitzan dago, bortxaketa delitua egin zuen edo ez zehaztu ahal izateko.
Udaltzainen arabera, "hainbat lekuko" daude eta ustezko bortxatzailea identifika lezakete.
Emakumeen aurkako indarkeria
San Sebastian egunean emakume bat bortxatzeaz akusatuta atxilotu dute gizonezko bat
Herenegun Donostian atxilotu zutela jakinarazi du Ertzaintzak, udaltzainen ikerketaren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu